Belgikako Poliziak Guardia Zibilarekin elkarlanean Ventura Tome Quiroga ustezko etakidea atxilotu du, 80ko hamarkadan bi atentatu egitea leporatuta egindako euroagindu eskaera baten ondorioz. Berri agentzien arabera, hura atxilotzera joan direnean beste pertsona bat ere topatu dute etxean, eta atxilo eraman dute. Lagun hori nor den ofizialki ez dute esan, baina kale erasoekin lotu dute. ETAk ekintza armatuak uztea erabaki ostean egin dituzten aurreneko atxiloketak dira.
Ezker abertzaleak salatu egin ditu atxiloketak, eta indarkeria guztiak desagertzeko eskatu du: «Euskal Herrian sortu den egoera berriak jarrera positibo eta eraikitzaileak behar ditu, bai eta salbuespen egoera gainditzea ere, eta, horretarako, ezinbestekoa da errepresio eta jazarpen polizial oro behin betiko etetea».
Tome Quirogak 58 urte ditu, eta, berri agentziek zabaldu dutenez, «nahikotxo urte» zeramatzan nortasun agiri faltsuekin Belgikan bizitzen. 1992an atxilotu zuten aurreneko aldiz, Frantzian, eta 1996an berriz. Sei hilabete preso egon ostean Espainiaratu egin zuten, eta han, aske utzi, baldintzapean. Ihes egin zuen.
Esparzaren berririk ez
Bestalde, Josu Esparzaren inguruko berririk ez dagoela esan diete Frantziako iturri judizialek Espainiako berri agentziei. Esparza kontrol judizialpean zegoen, Espainiak egindako euroagindu eskaera onartu ostean. Espainiaratu bitartean, aske zegoen, eta atzo Baionako polizia etxera joan behar zuen sinatzera, baina ez zen agertu. Frantziako Polizia haren etxera joan zen, baina han ere ez zuten topatu.
Irailean atxilotu zuten Esparza, Donibane Lohizunen. Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kidea da.
ETAren jardun armatuaren amaiera
Ustezko etakide bat atxilotu dute Belgikan
Tome Quiroga atxilotzera joatean, ihes eginda zegoen beste lagun bat ere topatu dute eta atxilotu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu