«Hogei urte daramatzat politikan, zerbitzu publikoan. Berriro ere nire ohorea eta nire familiarena defendatzen ditut». El Español egunkariak argitaratutako albiste baten harira, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakari ohiak eta Geroa Baiko senatari autonomikoak ohar bat atera du, eta 2015etik 2019ra arte gidatu zuen gobernuaren izen ona defendatu. Bere esanetan, «tatxagabe» jardun zuten. Artikuluan aipatzen da Servinabar enpresak 4.800 euro ordaindu zizkiola Barkosen senarrari, eta Barkosek salatu du ordainketa hori gobernuak egindako adjudikazio publikoekin erlazionatu nahi izan dela. Cerdan auziko hari muturrek hautsak harrotzen segitzen dute.
Barkosek azaldu duenez, lehendakari gisa inoiz ez zuen adjudikazio publikoak erabakitzen dituzten epaimahai bakar batean parte hartu. Berez, gobernuko kideek debekatuta dute bertan egotea. «Ez nuen parte hartu adjudikazio bakar batean, ez ordu hartan, ez beste inoiz», azaldu du.
2018an Bilbon enpresentzako foro bat antolatu zen, eta antolakuntza hartan parte hartu zuen Uxue Barkosen senarraren enpresak, bere jardun profesionalaren baitan. Foro hark Eusko Jaurlaritzaren, Europako Batzordearen eta Europako Legebiltzarraren laguntza izan zuen, baita hiru enpresen babesa ere —tartean Accionarena—. Hain zuzen ere, Accionari zegokion diruaren zatia Servinabarrek ordaindu zuen. Bi enpresa horiek Cerdan auzian ikertuak direnez, orain Barkosen senarraren izena azaleratu da, eta Nafarroako Gobernuarekin erlazionatu. Barkosen arabera, ordainketa hori «legezkoa» izan zen.
Ordainketa gehiago
Ez da azken orduetan azaleratu den izen bakarra izan, ordea. Espainiako Auzitegi Gorenaren ikerketaren baitan, Nafarroako Foru Ogasunak Servinabarrek egindako eta kobratutako ordainketen inguruko txostena igorri du, eta haren edukia hainbat komunikabidek filtratu dute. El Español berripaperak, kasurako, argitaratu du Juan Luis Garcia Nafarroako Gobernuko egungo Unibertsitate Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak iraganean 215.000 euro ordaindu zizkiola Servinabarri sektore pribatuan lanean ari zen garaian.
Lerroburua irakurrita, Garciak bere burua defendatu du. Legealdi honetan kontseilari gisa jardun aurretik hainbat enpresatan lan egin duela azaldu du, eta hori publikoa dela azpimarratu. Hala, iraganean, El Panadero de Eugui okindegi katean lan egin zuen, kasurako. Enpresak okindegi bat ireki zuen Iruñea erdigunean, Karlos III.aren etorbidean, eta toki hura egokitzeko lanetarako kontratatu zuten Servinabar. «Ni enpresako gerentea nintzen 2017an eta 2018an. Prentsan agertu diren fakturak obra baten zuzendaritzari buruzkoak dira. Lanak egin direla eta ordaindu egin dela egiaztatzen dute. Ez da hori besterik».
Servinabarren ordainketak kargu publikoekin edo horiekin erlazionatutako pertsonekin agertze hutsak urduritasuna eragin du. Garcia mintzatu aurretik Felix Taberna lehendakariorde lehenak gobernuko kide guztien zintzotasuna defendatu du. «Kontseilariak lan egiten zueneko enpresarekin egin da lotura, ez kontseilariarekin berarekin zuzenean».
Cerdanen arreba
Ogasunaren txostenean aipatzen den beste pertsonetako bat Belen Cerdan da, Santos Cerdanen arreba. Txostenaren arabera, 2020an Servinabarrek 20.000 euro ordaindu zizkion. Diario de Navarra egunkariari egindako adierazpenetan, Belen Cerdanek adierazi du urte hartan sei hilabetez kontabilitate lanak egin zituela, eta horregatik ordaindu zitzaiola diru kantitate hori.
Orain gutxira arte PSNko hautetsi izan da bere herrian, Milagron, baina azken hilabetean utzi egin du alderdia. PSNk jakinarazi duenez, estatutuek behartu egiten dute alderdia utziz gero kargu publiko oro ere uztera. Horregatik zinegotzi akta uzteko eskatu zitzaion, eta Cerdanek men egin zuen.
Ordainketen artean agertu den beste bat UPNko parlamentari ohi Oscar Arizkuren da. Ogasunaren arabera, Servinabarrek hiru ordainketa egin zizkion OAP Asesoramiento Integral enpresari. Orotara, 69.000 euro ordaindu zizkion. Arizkurenek enpresa horretan egiten du lan, eta aholkularitza lanen truke ordaindu zion. Haren esanetan, diru kantitate «gordina» litzateke hori; zergak pagatu aurrekoa, alegia.
Arizkurenek eta UPNk argi utzi nahi izan dute jada ez dagoela euren arteko loturarik. Arizkurenek azpimarratu du 2018an utzi zuela alderdia, eta jada ez duela inolako ardurarik bertan. Barcinaren agintaritzapean, alderdiko idazkari nagusi izan zen. UPNk ere lotura oro ukatu du: «Arizkuren ez da alderdikide eta ez du inongo erlaziorik. Servinabarrekin izan zezakeen jarduera pribatua hari dagokion kontu pertsonala da».

CERdanek konstituzionalera jo du
Santos Cerdanen abokatuek Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jo dute, eta haren espetxeratzea bertan behera uzteko eskatu, «oinarrizko eskubideak jokoan baitira». Leopoldo Puente Goreneko epaileak agindu zuen espetxeratzeko, frogak deuseztatu zitezkeela argudiatuta. Iragan astean bertan, Puentek berriro atzera bota zuen Cerdan espetxetik ateratzeko eskaera, arrazoi bera emanez. Benet Salellas eta Jacobo Teijelo abokatuen arabera, bere aurkako zantzuak agertu direnez geroztik, prozeduran jarrera eredugarria izan du Cerdanek eta ikerketa ez oztopatzeko borondatea erakutsi du. Gogorarazi dute, auzi bereko beste ikertu batzuen aldean, ikerketa erraztu eta berehala diputatu akta aurkeztu zuela. Haatik, Cerdan da oraintxe bertan espetxean den ikertu bakarra. Hori guztia azpimarratzen du Konstituzionalean aurkeztutako babes helegiteak.
Berriki, Espainiako telebista kate publikoan Koldo Garciari Cerdanen espetxeratzeaz galdetu zioten. Ustez legez kanpoko komisioen truke adjudikazioetan esku hartu izanagatik ikertzen ari dira Garcia. Haren esanetan, espetxeratzea «astakeria galanta» da. «Ez dut ulertzen zergatik dagoen espetxean gizon hori».