«Egia, justizia eta erreparazioa» aldarrikatuko dituzte, urtero legez, uztailaren 8an, German Rodriguezi egingo dioten omenaldian, Iruñean. Poliziak tiroz erail zuen Rodriguez 1978ko sanferminetan. Omenaldian egungo inpunitate eredua amaitzeko eskatuko dute, gizarte «justuago, libreago eta berdinzaleago» bat lortze aldera. Urtero bezala, Orreaga etorbidean dagoen hilarrian egingo dute, 13:00etan.
Omenaldia aurkezteko prentsaurreko bat egin dute 78ko Sanferminak Gogoan plataformak eta Iruñeko Peñen Federazioak. Aurtengo leloa aurkeztu dute bertan: Zigorgabetasun gehiagorik ez!. Izan ere, 47 urte igaro dira Rodriguez hil zutenetik. Agerraldian esan dutenez, lelo horrek talka egiten du Espainiako Gobernuaren aurtengo kanpainarekin: Espainia 50 urtez aske. Azaldu dutenez, bigarren lelo horrek Espainiako sistema politikoaren izaera demokratikoa islatzen du, baina 1978ko sanferminetako gertakariek eta 1976 martxoaren 3an Gasteizen jazotakoek beste errealitate bat erakusten dute. «Diktadura garaiko eta trantsizioko krimenen inpunitate argiaren adibide dira», adierazi du Sanferminak 78 Gogoan plataformak.
Era berean, prentsaurrekoan positiboki baloratu dute orain arte egindako borroka. Horren adibide da Martin Villa inputatu gisa deklaratu behar izatea azaroan, auzitegian. Garai hartako sindikatuen arteko harremanetarako ministroa zen, eta gizateriaren aurkako krimenak egitea egotzita deklaratu beharko du, Teofilo del Valleren heriotzaren harira. Era berean, aurrerapausotzat hartu dute berriki Espainiako Kongresuan onartu duten legez besteko proposamena, hain zuzen, 1978ko sanferminekin loturiko gertakarien dokumentazioa desklasifikatzeko.
47 urte erantzunik gabe
Odolez zikinduriko jaiak izan ziren 1978koak. Rodriguezez gain, hamaika pertsona zauritu zituzten balaz, eta ehunka pilotekin eta kolpeekin. Joseba Barandiaran ere gogoratu dute. Rodriguezen hilketa salatzeko protestak egin zituzten hurrengo egunetan, eta Barandiaran Donostiako mobilizazio batean zela, tiroz hil zuten, uztailaren 11n. Horrez gain, 1978ko sanferminekin loturiko sumarioak irekitzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari: izan ere, 1982an artxibatu ziren, eta ez dira berriro ireki.
Uztailaren 8a emozioz beteriko eguna izatea aurreikusi dute. Plataformak eta peñek omenaldiak egingo dituzte, eta arratsaldean manifestazioa abiatuko dute zezen plazatik, hilarrira arte. «Hainbeste urte igaro eta gero omenaldia egiten jarraitzeak erakusten du bizirik dagoela aldarrikapenen sua», esan dute prentsaurrekoan. Aldarrikapenen artean, Palestina ere gogoratu dute. Uztailaren 8a borrokan jarraitzeko grinez beterik egongo dela adierazi du plataformak, «lore, abesti eta malkoen artean».