EAJk «immigrazio arautua, ordenatua eta segurua» babestu du

Urtaranek esan du Euskadik belaunaldi erreleboa bermatzeko beharrezkoa duela immigrazioa: «Beste leku batetik datozen pertsonak iristea ez da aukera bat soilik, premia bat ere da Euskadirentzat». Migrazio fluxuak planifikatzeko autonomia eskatu dute.

Maribel Vaquero kanpaina ekitalde batean, asteon. EAJ
Maribel Vaquero kanpaina ekitalde batean, asteon. EAJ
nerea intxausti
2026ko azaroaren 17a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Kongresurako EAJren Gipuzkoako zerrendaburu Maribel Vaquerok haien hauteskunde programa ia puntuz puntu azaltzeko beta izan du Radio Euskadiko elkarrizketan, eta immigrazioaren gaia izan da landu dutenetako bat. Vaquerok eskumen gehiago eskatu ditu, «immigrazio arautua eta segurua kudeatzeko». Adierazi du posible egin behar dela etorkin horiek integratzea eta bizi proiektu bat eraikitzea. «Ezin da jendea etorri eta hemen planik ez izatea, immigrazio hori espero ala ez». Are, azaldu du Migraziorako Euskal Itun Soziala onartu zutela, eta eskumenak soilik falta zaizkiela hori aurrera eramateko.

Hain zuzen, Gorka Urtaran Arabako zerrendaburua ere migrazioaz hitz egin du gaur Gasteizen, errefuxiatuentzako egindako Aranako makrozentroaren atarian, «Euskadik belaunaldi erreleboa bermatu behar du, gure hazkunde begetatiboa negatiboa delako eta, beraz, biztanleriaren galera eta zahartzea konpentsatu behar dugu immigrazioarekin», esan du hitzartze hasieran. Urtaranen arabera, beste leku batetik datozen pertsonak iristea «ez da aukera bat soilik, premia bat ere da Euskadirentzat». 

Espainiari aurpegiratu dio migrazio fluxuak ez planifikatzea, eta eskatu du autonomia erkidegoei eskumen hori emateko, iristen direnen «integrazioa errazteko»: «Euskadik migrazioa arduraz kudeatu behar du bizikidetza, enplegua eta gizarte kohesioa jokoan daudelako». Migratzialeek esubideak bermatuta izango dituztela ziurtatu du, baina erantsi du esfortzua egin beharko dutela laneratzeko, gizarteratzeko, betebeharrak betetzeko eta indarrean dagoen elkarbizitzarako araudia errespetatzeko: «Eskubideak bai, baina betebeharrak ere bai». 

Aipamena egin dio Aranako makrozentroari, eta esan du ezin direla horrelako lekuak inposatu, bertako erakundeak kontuan hartu gabe: «EAJren esku badago, Aranako makrozentroa ez da irekiko, ez dakigulako integrazio proiektua zein izango den, ez eta zenbat pertsona hartuko diren gehienez». 

Atzo Aitor Esteban EBB Euskadi Buru Batzarreko presidentea ere gai beraz aritu zen, Irungo ekitaldian. Vaquerok eta Urtaranek esandakoaz gain, Europako mugez hitz egin zuen: «Europako muga ordenatua behar dugu, babes eskubidea eta sartzeko bide arautuak bermatuko dituena. Irunen ondo baino hobeto ezagutzen ditugu frantziarrek mugan jartzen dituzten kontrolen ondorioak». 

Ahotsa

Kanpaina betean egonik ere, Vaquerori iruditzen zaio jende askok ez dakiela oraindik zer bozkatuko duen: «Jendeari esan nahi diot konfiantza izan dezala eta bozkatzea beharrezkoa dela, baina ez daitezela erori blokeetako logikan soilik, 29aren ondoren hartu beharreko erabakietan berme gehiena ematen dien horretan pentsatu dezatela».

Haien botoak bina balio duela azaldu du Vaquerok: «Euskadiren ahotsa Madrilen entzungo den berma gara, eta euskal etxea eraikiko dugunak gara: pentsioak, zaintza, soldatak hobetzea, industria lehiakorra izatea, menpekotasuna… Oraindik Madrilen erabakitzen dira kontu asko». 

Gobernua sortzeari buruz ere galdetu diote. EH Bilduk esana du: PSOErekin bat egingo luke, hura hauteskundeetan garaile aterako balitz eta gobernua sortzeko beharrezkoa balitz. Eta EAJk? Vaquerok erantzun du haiek «Euskadirekin» daukatela konpromisoa. Baina gaineratu du ez dutela PP-Vox gobernu bat posible egingo. Feijoorekin ere ez lukete adostuko, PPk Vox beharko lukeelako gobernatzeko eta haien proposamena agintea zentralizatzea delako.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA