Ertzaintzak hamabost pertsona atxilotu zituen atzo arratsaldean Santurtzin (Bizkaian) Voxen ekitaldi baten aurka protestan ari zirela. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, desordena publikoak eragitea leporatuta atzeman dituzte. Goizalden aske geratzen hasi dira, bermea ordainduta, Euskadi Irratiak jakinarazi duenez.
Jaurlaritzaren arabera, 200 pertsona baino gehiago batu dira Voxen aurkako protestara, eta, besteak beste, "Ezkerraldetik ez dira pasako" leloa zeramaten kartelak erakutsi eta "Euskal Herria antifaxista" eta "Alde hemendik" oihukatu dute.
Ultraeskuinaren ekitaldian zen Javier Ortega Smith alderdiko idazkari nagusia. Ertzaintzak inguratu egin du ekitaldia egitekoa zen plaza, soilik ekitaldian parte hartzekoak zirenak sar zitezen.
Protestan, hainbat lagunek edukiontziak gurutzatu dituzte Santurtziko kale batzuetan, eta botilak eta harriak jaurti dizkiete ertzainei. Bi polizia zauritu dira.