Vox alderdi ultraeskuindarra EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Arabako campuseko Farmazia Fakultatean mobilizazio bat egitekoa da astelehenean. EHUk arbuiatu egin ditu «praktika totalitarioak eta neofrankismoa», eta, bide batez, «probokazioetan ez erortzeko» eskatu du, eta campusera ez joateko. Baina bestelako jarrera du IAS Ikasle Antolakunde Sozialistak. «Unibertsitatean faxismoari espaziorik ezin zaiola utzi adierazi nahi dugu, eta, horretarako, unibertsitatean bertan mobilizatzea ezinbestekoa da», azaldu dute antolakundeko kideek ohar batean.
Gogora ekarri dute «frankismoaren ondorengoak» direla talde ultraeskuindarreko kideak, eta haiei aurre egiten ez bazaie «normalizatu» egiten direla haien ideiak. Uste dute horregatik dela garrantzitsua astelehenean ere unibertsitatean bertan haien kontrako jarrera irmoa erakustea. Eta EHUren jarrera kritikatu dute: «Klaseak eten eta fakultateak ixteko erabakiak ikasle mugimenduaren aurkako kriminalizazio kanpaina hauspotzen du». Eta ultraeskuindarren bidea zelaitzen: «Voxen agerraldia normalizatu besterik ez du egiten».
Horiek horrela, «antolatzeko eta mobilizatzeko» deia egin du Ikasle Antolakunde Sozialistak. Dei egin du astelehenean 12:00etan Gasteizko campusean elkartzeko.
Azken sei hilabeteetan Hego Euskal Herriko campus batean ultraeskuinak antolatzen duen bigarren ekitaldia da astelehenekoa. Joan den urteko urriaren bukaeran eskuin muturreko ekintzaile batek, Vito Quilesek, agerraldi batera deitu zuen Nafarroako Unibertsitatean. Azkenean ez zen gauzatu, besteak beste ehunka antifaxista azaldu zirelako eta protesta egin zutelako agerraldi horren kontra.