Wert: moztu ostean, estutu

Murrizketa handiak iragarri ondotik, hezkuntza sistema erreformatzeko asmoak jakinarazi ditu Madrilek. Xede bakarra: goi mailako ikasketetan jende gutxiago egotea. Estutu egingo dute bidea.

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Iragarria zuen Mariano Raxoik Espainiako Gobernuko presidente kargua hartzerako: hezkuntza aldatzea da PPren lehentasunetako bat. Murrizketa handiak agintzea izan da lehen pausoa: irakasleei orduak eta ikasleei ikaskideak pilatu dizkiete, dirua aurrezteko helburu hutsarekin. Giroa aztoratu dute hezkuntza komunitatean —alor publikoan grebara deitu dute hilaren 31rako—, eta orain beste pauso bat ematera doa Madril. Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak esan du: «Presazkoa dirua aurreztea da orain; gero etorriko da garrantzitsuena, erreformak egitea». Diruak zerikusia izango du orduan ere: goi mailako ikasketak mugatzeko asmoa du Wertek. «Guztia doan izatea zabaldu da derrigorrezko irakastalditik kanpo ere». Hori aldatu nahi du.

Batez ere, oinarrizko ikasketei eragingo diete PPren murrizketa neurriek: irakasleek eskola ordu gehiago izango dituzte, eta ikasleak talde handiagoetan pilatuko dituzte, maisu-maistrak kanporatzeko —ikusteko dago zehazki zenbatean eragingo duen Hegoaldean—. Unibertsitatean, matrikulak garestitzea jarri du mahai gainean Wertek —%70 gehiagora arte kobratzea—, eta aditu talde bati eskatu dio iritzia, eskaintza nola «arrazionalizatu» behar den.

Agintea hartu orduko adierazi zuen Wertek unibertsitate gehiegi dagoela Hegoaldean, Espainian, Herrialde Katalanetan eta Galizian. Areago, beste urrats bat egin du oraintsu, unibertsitatean ikasle gehiegi dagoela esanda. Mugatu egingo du sarbidea: zaildu egingo du ikasleak fakultateetara iristea, eta, heldu ondoren, baldintza zorrotzagoak jarriko dizkie, lortutako noten araberakoak. Europako Batasunari igorritako txosten batean eman du Wertek asmo horien berri.

Oinarrizko hezkuntza

Noten araberako «aldeak»

«Aldeak jartzen» oinarrizko hezkuntzatik hasi nahi du Espainiako Gobernuak, betiere irizpide bat soilik erabiliz: ikasleen espedientea. Wert: «Bitxia da norbaitek graduatua lortu ahal izatea ikasgai guztiak gainditu gabe». Ez ditu titulurik gabe utziko ikasgai guzti-guztiak gainditzen ez dituztenak, baina dena gaindituta izateak «beste eragin bat» izango du ikasleen aukeretan. Eskola uztea ez du handitu nahi PPk —jaitsi beharra dauka Espainian, Europako Batasuneko xedeetatik oso urrun dago eta—, baina bai bideak bereizi. Lehen ere ohartarazi izan dute eragile hainbatek ikasle onak Batxilergora eta txarrak Lanbide Heziketara bideratu nahi dituela Madrilgo gobernuak.

Ikasleak lehenago bereiziko dituzte. Eta bereizketa argia izango da. Egungo modua —ikasleak berak aukeratzea ikasgaiak, ondorengo ibilbidea prestatzeko— ez du ontzat jo Wertek: «Aukeratzeko gehiegi uzten zaie ikasleei, eta errazena edo atseginena hautatzen dute». Aukera egin beharko dute gero ere, eta lehenago, DBHri urte bat kenduko baitiote: «espezializatu» egingo dira, Batxilergoa edo Lanbide Heziketa egiteko. Hartara, PPren erreformarekin, zailagoa izango da atzera egitea.

Batxilergoa

Ikasleak 'sobera'

Aukeraketa egitean Lanbide Heziketara gehiago bideratuko dituzte. Batxilergoan ikasle gehiegi dagoela uste du Wertek. Europari jakinarazi dio egoera orekatuko duela: 2020an kopuru bera egon beharko du Batxilergoan eta Erdi Mailako Lanbide Heziketan. Alde handia dago orain. Hegoaldean, %71 ari dira Batxilergoan, eta %29, Lanbide Heziketan. Zenbakitan, 11.234 ikasleko diferentzia. Hots, beste hainbeste Lanbide Heziketan hasi ezean, ikasleen %42 sobera lirateke Batxilergoan.

Unibertsitatean sartzeko ate nagusia da Batxilergoa, eta hor ikasle gutxiago izateak baluke eragina unibertsitatean ere. Are gehiago mugatu nahi dute, ordea, sarbidea: «Kanpoko ebaluazio bat» jartzea aztertzen ari da Wert. PPk lehen ere ezarri zuen Batxilergo amaierako azterketa, Pilar del Castillo zelarik Hezkuntza ministro; PSOEk kendu zuen. Berriro jarri nahi du Wertek; esana du azterketa «nazional» baten aldekoa dela. Selektibitatea ere gogortu nahi du: «Egungoak ez du ezer aukeratzen. Ez da esanguratsua».

Unibertsitatea

Bekak jasotzea, zailago

Mugak zorroztu egingo dituzte unibertsitatean ere. Beken sistema aldatuko da: lehen aldiz bekadun izateko, selektibitateko zati orokorrean 5,5 gutxienez lortu beharko da; beka berritzeko, kredituen %90 gainditu; eta gainditu gabeko ikasgaiei dagokien zatia galdu egingo da. Beka dirutsuenetarako —beka-soldata delakoa—, ikasgai guztiak gainditu beharko dira. Hori dena, matrikulak %70 garestitzea eskaini ostean. «Zilegi» jo du Wertek, esanez nota apalak dituztenek utzi egiten dutela karrera. Erresuma Batua du eredu: udazkenean protesta handiak egin zituzten, prezioa asko igo zutelako. «Kaleak sutu ziren, baina unibertsitateak bideragarri dira».

Dirua aurrezteko neurri gehiago: «arrazionalizazioa» eskaintzan —gutxieneko ikasle kopurua igotzea eta unibertsitateak batzea—. Eta dirua lortzeko beste bide bat, ikasle mugimenduak maiz salatu duena: inbertsio pribatua bultzatu nahi du Wertek, oraingo %0,7a «gutxi» dela eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.