EUSKARA

Wikipediako 1.600 artikulu ikasleentzat

Hiru urterako egitasmoa aurkeztu dute Euskal Wikilarien Elkarteak eta Jaurlaritzak, euskarazko Wikipedia indartzeko. 12-16 urteko ikasleentzat baliagarri diren 1.600 artikulu sortuko dituzte, “auzolana oinarri”.

Eusko Jaurlaritzako eta Euskal Wikilarien elkarteko kideak. JAGOBA MANTEROLA, ARP
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko urriaren 19a
07:52
Entzun

Hizkuntza gutxitua izanik ere, euskarak datu nabarmenak ditu Wikipedian. Artikulu gehien duten hizkuntzetan 31.a da: 284.000 artikulu baino gehiago daude. Bisitei dagokienez, 70.000 artikulu bisitatzen dituzte egunean batez beste: 26 milioi urtean.

Datu horien azterketa zehatzagoa eginda, ikusi dute hezkuntzan pisu handia hartu duela Wikipediak. Badira hezkuntzako curriculumean ageri diren kontzeptu batzuk bisita kopuru handia jasotzen dutenak: euskarazko Wikipediako artikuluen %0,5 dira, baina bisiten %7 dauzkate. Batez ere astelehenetik ostiralera bitartean, eta eskola garaian. Ikasleen bisitak dira, beraz.

Akordio bat egin dute Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailak eta Euskal Wikilarien Elkarteak, ikasleentzako artikuluak sortzeko. Asmoa dute hiru urtean 1.600 artikulu inguru sortzeko edo osatzeko —horietako batzuk jada bai baitaude Wikipedian—. Euskarazko artikulu kopurua ugaritzearekin batera, izan ere, kalitatea hobetzea nahi dute. Hiru urtean 600.000 euro jarriko ditu gobernuak.

Artikuluak ez dituzte, hala ere, eurek sartuko. Wikipediaren filosofiari jarraituz, “auzolana oinarri" egin asmo dute. Eta, hezkuntza eta gazteak dituztenez bereziki helburu, nahi dute haiek osatzea artikuluak. Berritzegune Nagusiarekin elkarlanean, DBHko curriculumean giltzarri diren 1.600 kontzeptu zerrendatu dituzte, eta haiekin lan egingo dute lehen fasean. “Proiektua aurrera joan ahala, gehiago izan daitezke”, aurreratu du Euskal Wikilarien Elkarteko ordezkari Galder Gonzalezek. Kontzeptu horiek zerrendatuta, unibertsitatera eta institutuetara joko dute, ikasleek egiten dituzten lanen bidez Wikipedia elikatzeko. Kalitatea bermatzeko, proposatu dute irakasleek egitea artikuluen zuzenketak.

Horrelako proiektu batean murgilduta daude, adibidez, EHUren Donostiako campusean. Gonzalezek azaldu du ehun bat ikasle ari direla Wikipediarako artikuluak sortzen, irakasleek gainbegiratuta.

Denera hamabost esparrutako kontzeptuak sartuko dituzte: matematika; biologia eta geologia; fisika eta kimika; geografia eta historia; literatura; informazioa eta komunikazio teknologiak; hizkuntzak; kultura zientifikoa; ekonomia eta ekintzailetza; kultura klasikoa; filosofia; plastika eta ikus-entzunezkoak; musika, dantza eta antzerkia; gorputz hezkuntza; eta emakumea eta generoa. Gai horietan garrantzia eman diote genero ikuspegiari, Bingen Zupiria Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu duenez.

Euskaraz horrelako edukiak sortzea ezinbestekotzat jo du Zupiriak: “Ikasleak dira irakurle nagusiak. Euskaraz aurkitzen ez dutena beste hizkuntza batean aurkituko dute”.

Egitasmo pilotu honetatik aparte, gogorarazi dute edozeinek duela aukera Wikipedian ekarpenak egiteko. "Auzolanean".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.