Jaurlaritzak uste du plastikozko pinportak ez direla 'Toconao' ontzikoak

Espero dute Galiziatik «oso kopuru apalean» iristea plastiko zatiak. Itsasertzaren aholku batzordeak erabaki du alerta egoerari eustea, ez baitu ikusten larrialdi fasera igarotzeko arrazoirik.

PLASTIKO PINPORTA
Muskizko hondartza (Bizkaia), herenegun. ARITZ LOIOLA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko urtarrilaren 11
14:07
Entzun

AZTIk eta Gaikerrek egindako lehen azterketen arabera, ia ziurra da azken orduetan kostaldera iristen ari diren plastiko zatiak ez direla Toconao ontzitik uretara eroritakoak. Hala jakinarazi du gaur Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak, Bilbon eskainitako prentsaurrekoan. Plastikozko pinporten afera aztertzeko lehen bilera egin du gaur Itsasertzak, itsasertzaren kutsadurari aurre egiteko larrialdi plan bereziaren aholku batzordeak, eta batzarra amaitzean eman ditu azalpenak Erkorekak. Jakinarazi duenez, Bizkaian hartutako laginen lehen azterketek erakusten dute pinportak ez direla Galiziatik iritsi. Hori horrela, aholku batzordeak erabaki du larrialdi plan berezian alerta egoera uztea, ez baitu arrazoirik ikusten larrialdi fasera igarotzeko. Erakundeak ziur dira hurrengo egunetan kostaldera iritsiko direla pinportak, baina «oso kopuru txikian», eta horregatik erabaki dute larrialdi fasea ez aktibatzea.

Bizkaiko hiru hondartzatan atzeman dituzte plastiko pinportak –Arena, Gorrondatxe eta Sopelan– eta, egindako lehen azterketen arabera, ia ziurtzat jotzen dute ez direla Portugalgo istripukoak. Rogellio Pozo AZTIko zuzendariak azaldu du Bizkaiko hondartzetan jasotako plastiko zatitxoak mikropolietireno geldoa direla eta gehigarriak dituztela, baina oraingoz ezin dutela zehaztu zein eta zenbat gehigarri mota duten, azalean silizea dutelako. «Batez ere Bizkaiko kostaldean jaso ditugu laginak, baina oso gutxi dira; gainera, denbora luzez hondarretan egon dira, eta eguzkiak higatu egin ditu», erantsi du. Dena den, azpimarratu dute arrantzan ez dutela eraginik, eta orain arte bezala arraina kontsumitzen jarraitzeko deia egin diete herritarrei.

Agerraldian azaldu dute Bizkaian hartutako laginak Galizian jasotakoarekin alderatzeko elementuak falta dituztela oraindik. Datozen orduetan espero dute Galiziatik laginak jasotzea, eta, hala, azterketa konparatibo osatuagoak egingo dituzte.

Simulazioak itsasoan

Portugalgo ontzitik uretara eroritako pinportak norantz mugituko diren jakiteko, itsaso korronteen simulazioak egiten ari dira AZTIko adituak, eta, Pozok azaldu duenez, ez da espero datozen lau egunetan pinporta «multzo handiak» iristea Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldera. Gainera, Eusko Jaurlaritzak itsas zabalean esplorazioak egiteko bidali duten ontziak ez du material kutsagarririk atzeman oraindik.

Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuordeak azaldu du plastiko zatiak itsasoan harrapatzea «seguruagoa eta merkeagoa» dela, eta, hori dela eta, bihar beste bi ontzi atonduko ditu– Hiru Anaiak eta Ronquillo– kutsadura iritsiko balitz itsasoan bertan xurgatzen ahalegintzeko. Bi ontzi horiei sare bereziak jarriko zaizkie, «oso trinkoak», mikroplastikozko bola txikiak harrapatzeko.

Donostian ez dituzte topatu

Bestalde, Donostiako Ekologia zinegotzi Marisol Garmendiak jakinarazi du hiriko hondartzetan ez dutela antzeman Galiziatik iritsitako plastikorik. Bizkaiko Foru Aldundikoek azaldu dute Bizkaiko hondartzetan ez dela handitu plastikozko pinporten kopurua; oso kopuru apala aurkitu dute, eta «oso sakabanatuta».

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.