Zaintzaileen eskubideak estatutu batean jaso nahi dituzte instituzioek

Zainketen Aldeko Euskal Ituna ondu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde nagusiek. Zaintza eredua «inklusiboagoa, bidezkoagoa eta feministagoa» izateko urratsak egin nahi dituzte.

Zainketen Aldeko Euskal Ituna aurkeztu dute gaur instituzioetako arduradun nagusiek. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Zainketen Aldeko Euskal Ituna aurkeztu dute gaur instituzioetako arduradun nagusiek. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko otsailaren 22a
15:00
Entzun

Zaintza sistema hobetzeko «urrats erabakigarria» egin dute gaur Araba, Bizkai eta Gipuzkoako instituzio nagusiek: akordio instituzionala sinatu dute, etorkizunean zaintzaren aldeko herri itun edo konpromiso bat lortzeko. Zainketen Aldeko Euskal Ituna izenburupean, hamalau konpromiso bildu dituzte zaintza eredu «inklusiboagoa, bidezkoagoa, feministagoa eta jasangarriagoa» lortzeko. Hori dena begirada «intersekzional» batetik abiatuta egin nahi dute.

Gaur aurkeztu dute dokumentua, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusian, Gasteizen. Eusko Jaurlaritzak, hiru aldundiek eta hiriburuetako udalek izenpetu dute, eta gizarte politiketan ardura duten ordezkariek parte hartu dute agerraldian. Nerea Melgosa Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak aletu du ituna, eta azpimarratu «ikuspegi integral» batetik so egin nahi diotela zaintza sistemari, sektoreko enpleguaren kalitatea, zainketa, eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eskubide eta erantzukizun kolektibotzat hartuta.

Hamalau konpromiso eta helburu jaso dituzte akordioan, baina zehaztu gabe zer neurri hartuko dituzten horiek martxan jartzeko. «Printzipio adierazpentzat» jo du Melgosak: haren hitzetan, etorkizunerako «ibilbide orria» marrazten du, non zaintzak gizartearen «funtsezko zutabea» diren.

Zaintza lanak sozialki emakumearen lanarekin lotzen dituen eredua alde batera utzi, eta bereziki erreparatu nahi diote zaintzak adineko emakumeengan eta emakume migratzaileengan duen eraginari, bai eta landa eremuan dauden beharrei ere. Erraztu egin nahi dute zaintza lanetan ari direnen «profesionaltasuna», eta indarrean dauden laguntza eta zerbitzuak «eskuragarriago» jarri, besteak beste.

Zaintza lanak «aitortzea, saritzea, murriztea, banatzea eta irudikatzea» ezarri dute helburu gisa itunean. Hala, konpromisoen artean jaso dute familia zaintzailearen eta zaintzaile profesionalaren estatutu bat definitzea, haren eskubideak jasota, eremu pribatuan eta publikoan, eta eskubide horiek gauzatzeko zer bide eta neurri dauden zehaztea.

Enpleguaren «kalitatea» bermatu

«Bizitzako lehen etapetan seme-alabak zaintzea betebeharra da, baina senitarteko helduak zaintzeak haien eta zaintzen dituztenen aukera izan behar du: librea, kritikoa, erantzukidea, denboran mugatua eta zainduentzako eta zaintzen dutenentzako laguntza publikoz lagundua». Ideia horretan oinarrituta, hainbat konpromiso bildu dituzte itunean. Hala, akordioan jaso dute gizarte zerbitzuen euskal sistemaren saileko laguntzak eta zerbitzuak «eguneratu» egingo dituztela, horietarako sarbidea «errazagoa» izan dadin. Genero ikuspegiari ere heldu nahi diote, hura era intersekzional batean txertatuz eremu publikoan eta pribatuan, eta gizonak «zaintza lanetan eta kontziliazio erantzukidean inplikatzeko neurriak bultzatuz».

Itunean jaso dute erraztu egin nahi dutela zaintza lanetan ari direnen «profesionaltasuna», eta indarrean dauden zerbitzuak «eskuragarriago» jarri.

Zaintza alorreko enpleguaren «kalitatea» sustatzea ere jarri dute konpromisoen artean. Bermatu nahi dute osasunaren eta laneko segurtasunaren arloko arau «zorrotzenak» betetzen direla, etengabeko prestakuntza bultzatuko dute, eta arreta berezia emango diete «egoera ahulenean» dauden langileei, sektoreen arteko ikuspegitik.

Diskriminazioa eta zaintza testuinguru «desegokiak» prebenitzea eta detektatzea ezarri dute lehentasunen artean, besteak beste zaintza lanen inguruan izaten diren bortizkeria matxistak gerta ez daitezen. Helburuok lortzeko, besteak beste, zerbitzu eta laguntzetako urteko gastu publiko arrunta handituko dutela azaldu dute; ez dute zehaztu, ordea, diru kopurua zenbat handituko duten.

Feministen kritikak

Joan den asteartean Denon Bizitzak Ergidunean plataformak gobernuei egindako kritikei buruz galdetu diote kazetariek Melgosari, eta hark esan du Eusko Jaurlaritza «prest» dagoela edozein elkarrizketa politiko edukitzeko. Mugimendu feministak salatu zuen erakundeek ez diotela inolako erantzunik eman iazko azaroaren 30eko greba feministari. «Prest gaude alde guztiei entzuteko, baita haiekin hitz egiteko ere. Denok egin behar dugu zainketen alde herrialde honetan», erantzun du sailburuak.

«Prest gaude alde guztiei entzuteko, baita haiekin hitz egiteko ere. Denok egin behar dugu zainketen alde herrialde honetan».

NEREA MELGOSAEusko Jaurlaritzako Berdintasun sailburua

Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren inguruan ere mintzatu da Melgosa; zehazki, Bilboko Udalak ordenantza fiskala aldatu eta zerbitzu horren erabiltzaileei kuota igo izanaz galdetuta, adierazi du udalen eskumenak errespetatu beharra dagoela, «askatasuna» dutela zerbitzu horien gainean erabakitzeko, eta Jaurlaritzak ezin duela eskumen horietan eskua sartu.

Zaintza alorrean aurrez erakundeen artean egindako «lanketaren jarraipena» da gaur aurkeztu duten dokumentua, Melgosak azaldu duenez. Testua «irekita» dago garatu nahi duten eragile guztientzat. Sustatzaileak hurrengo bi hamarkadei begira jarri dira, zaintza eredu berria «eraldaketa sozial eta demografiko sakoneko testuinguruan» eraiki behar dela iritzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.