Hezkuntzari lotutako kexek gora egin dute, segregazioaren aurkako neurriak direla eta

Manuel Lezertua EAEko Arartekoak 2023ko txostena erregistratu du Eusko Legebiltzarrean. Hezkuntza Sailaren matrikulazio prozesuaz eta Osakidetzako lehen arretaz kexu dira herritarrak.

Manuel Lezertua EAEko arartekoa, artxiboko irudian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Manuel Lezertua EAEko arartekoa, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko martxoaren 27a
15:24
Entzun

Manuel Lezertua EAEko Arartekoak Eusko Legebiltzarraren esku utzi du joan den urtean jaso zituen kexei eta eskakizunei buruzko txostena. Tramitatutako kexen ia erdiek lotura daukate hezkuntzaren, osasunaren, gizarteratzearen eta etxebizitzaren alorrekin. Hamar erreklamaziotik sei Eusko Jaurlaritzaren aurka izan dira, eta hamarretik hiru, udalen aurka. Erakundeek, oro har, aintzat hartu dituzte arartekoaren errekerimenduak; hala izan da kasuen %89tan.

Datuei erreparatuta, gora egin du tramitatutako ekinbide kopuruak: 13.602 izan ziren iaz, aurreko urtean baino mila gehiago. Horien artean, herritarrek aurkeztutako 8.199 kexa eta kontsulta izan ziren, eta ofizioz 26 jardunbide abiatu zituen instituzioak berak. Ia 2.600 espediente ebatzi zituen, eta 1.540 ebazpen eman. Kexak tramitatzeko batez besteko epea 60 egunekoa izan zen.

1

Hezkuntza

Hezkuntzari lotutako 449 kexa tramitatu zituen Arartekoak iaz, jasotako kopuru osoaren %14,9. 2022. urtearekin alderatuta, %136 egin dute gora. Gehienak Eusko Jaurlaritzaren aurkakoak izan ziren (208), eta matrikulazio prozesuekin zerikusia izan zuten horietako askok eta askok. Joan den urtean sartu ziren indarrean ikasleen segregazioaren aurkako neurriak matrikulazioan, eta horren ondorioz nabarmen ugaritu ziren prozesu horri buruzko kexak. Arartekoak dio «modu esponentzialean» egin dutela gora lehenetsi gabeko zentroak esleitu dizkieten familiek jarritako errekurtsoek. Kexa horien kudeaketari dagokionez, ohartarazi du hezkuntza administrazioak «gainezka» egin duela eta berandu eman diela erantzuna horietako askori.

2

Osasuna

Arartekoak ohartarazi du osasun sistema «tenkatuta» dagoela oraindik ere, batez ere lehen arretan eta arreta espezializatuan. Iaz, 260 kexa aurkeztu ziren osasun arloan —kexa guztien %8,6— eta bi eremu horiekin lotuta egon ziren gehienak. Txostenean ondorioztatu duenez, COVID-19aren pandemiak larriagotu egin zuen Osakidetzaren egoera, zeina berez ere «kaskarra» zen, eta hainbat gabezia azpimarratu ditu: familia medikuntzako eta pediatriako espezialitateen etorkizuneko premiak ez direla nahikoa planifikatu, profesionalak falta direla espezialitate mediko ia guztietan, eta pandemia garaian bertan behera utzi edo atzeratu ziren kontsultek luzatu egin dituztela itxaron zerrendak.

Lehen arretan, osasun profesionalen gabeziarekin zerikusia izan dute tramitatutako kexa gehientsuenek; zehazki, familia mediku eta pediatra nahikorik ez izatearekin. Sendagile falta horren ondorioz, aurrez aurreko eta telefono bidezko ordua emateko epeak luzatu egin dira, eta erabiltzaileek etengabeko arretako guneetara (EAG) joan behar izaten dute urteko garai jakin batzuetan.

Arreta espezializatuari dagokionez, nabarmendu du itxaron zerrendak luzatu egin direla lehenengo kontsultetan, jarraipeneko kontsultetan eta proba diagnostikoetan, bereziki traumatologiako, errehabilitazioko eta dermatologiako espezialitateetan. 

3

Hizkuntza eskubideak

Hizkuntza eskubideen urraketekin lotutako 34 kexa jaso zituen iaz Arartekoak; kexa guztien %1,1. Kexa gehienek zerikusia izan dute zerbitzu publiko jakin batzuetan herritarrek euskaraz artatuak izateko duten eskubidearen urraketarekin. Nolanahi ere, arartekoak azpimarratu du azken urteotan administrazio publikoek zerbitzuak bi hizkuntza ofizialetan emateko hartu duten konpromisoa mailakakoa eta ingurune soziolinguistikoaren arabera «egokitua» izan dela.

4

Gizarteratzea

Gizarte bazterkeriaren aurkako bitartekoekin lotutako kexek %3,7 egin zuten gora aurreko urtearekin alderatuta: 475 ekinbide tramitatu zituzten; kexa guztien %15,8 dira. Horietatik 246 emakumeek aurkeztu zituzten; 221, gizonek: eta zortzi, kolektiboek. Batik bat, DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren eta etxebizitzarako prestazio osagarriaren ingurukoak izan dira kexak —gehien-gehienak, administrazioen ebazpenak denboran asko atzeratu direlako eta Lanbidek prestazioak ukatu edo eten dituelako—. Bizitzeko gutxieneko diru sarreraren tramitazioarekin lotutako ekinbideek ere gora egin dute, txostenak jasotzen duenez. Arazo horiek konpontze aldera, arartekoak gomendioak eman dizkie administrazioei, baina horietan atzera egin dela ohartarazi du: emandako zortzi gomendioetatik zazpi ez dira onartu.

Arartekoak gogora ekarri du iaz indarrean sartu zirela diru sarrerak bermatzeko arau eta plan berri ugari, eta gizarte politiketako aurrekontuak handitu egin zirela, baina hala eta guztiz ere gora egiten jarraitu zuela «zailtasun handiak» dituzten eta bizitegi bazterketako egoeran daudenen kopuruak. Bereziki «kezkagarri» iritzi die pobrezia arrisku handiagoa duten eta adingabeak beren kargura dituzten emakume eta guraso bakarreko familien kasuei. Izan ere, kexa multzo handi batek zerikusia izan zuen bizilekuari buruzko baldintzak betetzeko zailtasunekin, batez ere udal erroldak ezarritako baldintzekin.

5

Espetxeak

Joan den urtean lau preso hil ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetan, txostenean jaso duenez. Heriotza bakoitzaren ondotik, arartekoak ofiziozko espedientea abiatu zuen, eta dagoeneko itxita dauden horietako bitan ez du inolako irregulartasun zantzurik antzeman. Arartekoak txalotu egin du ofiziozko espediente horien ondorioz Eusko Jaurlaritzak «nazioarteko estandarretan oinarritutako» protokoloa ondu izana.

Horrekin batera, kezka agertu du presoen osasun mentalaren inguruan, eta adierazi du haurren eta generoaren ikuspegiak espetxean duen bultzada ez dela nahikoa. 

6

Segurtasuna

2023an idatzizko 147 kexa tramitatu zituen segurtasun arloan (%4,9), eta Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jaso zuten kexa gehien. 

Aurreko urteetan bezala, herritarren eskubideei eragiten zieten kexa gehienak Poliziaren jardunarekin lotuta egon ziren, bai salaketak eta atestatuak formalizatzearekin, bai ertzainek zein udaltzainek herritarrei emandako tratuarekin. Era berean, kalean egindako miaketei eta identifikazioei buruzko kexak ugariak izan zirela jaso du, eta arraza jakin batzuetako herritarren atxiloketekin lotutakoak ere bai. Poliziari barne ikerketak egiteko eskatzeko eta indarraren gehiegizko erabilera salatzeko aurkeztu dira kexak, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.