Ekologistak Martxan eta Haritzalde taldeek jakinarazi dutenez, beste ustezko lege hauste bat aurkitu dute Xabi Alonsok Igeldon (Donostia) eraikitako txaletarekin lotuta. Hori dela eta, ekainean prebarikazioagatik eta ondasun publikoak usurpatzeagatik fiskaltzaren aurrean jarri zuten salaketari beste bat gehituko diote orain. Futbol entrenatzaile tolosarraren higiezinen enpresaren eta Donostiako Udalaren aurkakoak dira salaketak.
Xabi Alonsoren Tavaro XXI SM higiezinen enpresak Igeldon eraikitako txaletera iristeko bidean dago auzi horren jatorria: bide hori ur biltegi munizipalera iristeko bakarrik erabil daitekeen arren, udalak behin-behineko lagapen bat egin zion Alonsori hura erabiltzeko. Baimen hori, baina, aurtengo martxoan iraungi zen. Udalak ez du ezer egin. Txaletaren jabeek, baina, bidea erabili izan dute orduz geroztik, eta, hori legez kontrakoa dela eta, salaketa jarri zuten ekainean Ekologistak Martxan eta Haritzalde taldeek.
Azaldu dutenez, Alonsoren txaleta eraiki zutenean, eta ikusita etxeak bidearekin loturarik ez zuela, Donostiako Udalak Tavaro XXI SM enpresari eman zion Txalingo ur biltegirako bidea erabiltzeko baimena. Lagapen hori gehienez lau urtekoa da, eta martxoaren 21ean bete zen epe hori. Hori dela eta, talde ekologistek Tavaro XXI SM eta Donostiako Udala salatu zituzten ekainean Gipuzkoako fiskaltzaren aurrean, «prebarikazioagatik eta ondasun publikoak usurpatzeagatik».
Ikusi gehiago
Bide publikorako lotura, «ezinezkoa»
Orain jarriko duten salaketaren arrazoia zera da: Donostiako Udalak Alonsoren enpresari txaleta eraikitzeko baimena eman ziola jakinda ere ezinezkoa zela bide publikoarekin lotura egitea. Ekologistek jakinarazi dutenez, udalaren dokumentuetan beste arau hauste bat aurkitu dute: txaleta eraikita dagoen jatorrizko lursaila —Marugel higiezinen enpresaren jabetzakoa— «ez da, espedienteetan azaltzen den moduan, nekazaritza eremu huts bat». Zehaztu dutenez, «2007ko uztailean argitaratutako plan berezi baten arabera, lur horretan golf eskola bat egiteko proiektua zegoen, eta Alonsoren txaleta gerora eraiki zuten lursaila hirigintza plan berezi horri lotuta dago». Horren ondorioz, «txalet horretatik bide publikora iristeko edozein proiektuk ezinbestean lursail hori zeharkatu beharko luke, eta, hirigintza ordenantza bati atxikita dagoenez, ezinezkoa litzateke legez beste bide bat egitea». Bi salbuespen daudela argitu dute: ur biltegi munizipalaren bidea eta golf eskolara iristeko Agitiko bidea.
Ekologistak Martxan-ek eta Haritzaldek adierazi dutenez, 2005ean azaldu zen jada arazo hori, plan berezi horren tramitazioan. Orduan «argi geratu zen ur biltegiaren bidea zela legezko bide bakarra». Izan ere, 2005ean udalaren hirigintza zuzendari zenak baietsi zuen hori, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere uko egin zion golf eskolaren proiektuari (GAO 6/7/2005) eskolara sartzeko derrigorrez erabilera mugatua duen biltegirako bide hori erabili behar zuelako. Ezezko horren jakitun, eta golf eskola egingarria izan zedin, plan berezia aldatu zuten 2007an, eta beste bide batetik —Agitikoa— proiektatu zuten eskolarako sarrera.
Horren guztiaren ondorioz, baieztatu daiteke, talde ekologisten iritziz, 2005etik udalak eta Marugel enpresak bazekitela lur eremu hori ezin zela erabilera pribatuetarako izan, eta ezin zela bertan ezer eraiki 2007ko planean jasotakoaz gain.
2018an, baina, Marugelek bere jabetzako lursaila bereizteko eskaera egin zuenean —Xabi Alonsoren enpresari saltzeko—, «ahaztu egin zitzaien» plan berezi hori zegoela eta haren arabera ezin zela etxebizitza bat egin sarrera egiteko aukerarik ez zuelako. Salatzaileen arabera, ur biltegi munizipal baten lurra baimenik gabe erabiltzeaz gain, Alonsoren enpresak legez kanpo eraiki du errepide bat golf eskolari lotutako lursailean.
Talde ekologistek ez dute ulertzen nolatan udalari eta Marugeli ahaztu zitzaien plan berezi hori zegoenik, baita 2005ean ur biltegiaren bidea modu pribatuan erabiltzearen aurka emandako txostenak bazirenik ere.Â