"PPk horrelako gehiegikeriak egiten ditu gorputzak eskatzen dielako, antieuskaldunak eta faxistak direlako, ideologiaz. Espainiar abertzaleak dira, eta hori zilegi da, baina gauzak egiteko inteligentzia pixka bat behar da, eta horiek gehiegizko bideetatik dabiltza. Azkenean guri egiten digute on, herri honetako jendea mugitu egiten baitute, tentsionatu. Eta gure jendea tentsionatuta ez badago, ez dugu gauza handirik egingo. Segi dezatela bide horretatik", adierazi du Arzalluzek ETB1ean Maddalen Iriartek egin dion elkarrizketan.
Nolanahi ere, "mesede" horren truke ordaintzen den prezioa —hau da, sarekadak eta atxiloketak— oso handia dela onartu du, hain justu, horrelako operazio askotan tortura kasuak gertatzen direla uste baitu. "Erraz esaten da zortzi atxilotu daudela, baina horien pasadizoa kuarteletatik kartzeletara iritsi arte oso gogorra da. Horien kezka, horien beldurra… Tortura ez bada, tratu txarrak ia beti egoten dira. Hori prezio handia da, baina prezio horrek zerbait ekartzen du herriarentzat".
'Egunkaria' ixtekooperazioan atxilotu zituzten hainbat lagunek egin zituzten tortura salaketei erabateko sinesgarritasuna eman die Arzalluzek: "Tortura kontuak batzuetan gezurra izaten dira. Egia da batzuetan kontsignak dauzkatela. Baina Martxelo Otamendiri entzunda, edo Txema Auzmendiri entzunda… Adineko jendea dira, zuhurra. Badakit ez dutela gezurrik esaten".
Euskal kulturgintzaren aurkako polizia operazioa