HILBERRIA

Xabier Sanchez Erauskin hil da; kazetaria, ekintzailea eta adierazpen askatasunaren ikurra Euskal Herrian

'Punto y hora' aldizkariko zuzendari eta 'Egin' egunkariko zuzendariorde izan zen Sanchez Erauskin. 1983an espetxeratu zuten, Espainiako erregearen aurkako artikulu batengatik. Gaixo zengoen aspalditik, eta 90 urterekin zendu da.

Xabier Sanchez Erauskin, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Xabier Sanchez Erauskin, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko apirilaren 23a
08:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abenturazko film bat edo telesail luze bat idazteko adina pasadizo eta gertakizun emanen lituzke Xabier Sanchez Erauskinen bizitzak. Kazetaria izan zen lanbidez —kazetari «zorrotz eta zintzoa», haren ingurukoen eta lankideen esanetan—, eta garesti ordaindu zuen ofizioarekiko konpromiso hori, 1983an espetxeratu baitzuten, iritzi artikulu batengatik eta elkarrizketa batengatik. Adierazpen askatasunaren ikur bihurtu zuen horrek. Gaztetan, apaiz ere aritu zen Arabako mendialdean, eta, abitua kendu aurretik, Ternua inguruan ibili zen 1960ko hamarkadan, arrantza ontzidi baten kapilau. Herri Batasunako lehen mahai nazionaleko kide izan zen 1978an, eta baita EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea ere, erretiroa hartu aurretik. Gaur goizaldean zendu da, 90 urte zituela.

Kazetaritzari dagokionez, Punto y Hora de Euskal Herria aldizkarian eta Egin egunkarian egin zuen ibilbide profesional ia osoa, eta bi hedabide horien zuzendaritza taldeetan aritu zen buru-belarri lanean. Punto y Hora-ko zuzendari zela atxilotu zuen Guardia Zibilak, 1983ko apirilaren 15ean. Kaleko jantzita zihoazen bi poliziak atxiki zuten, Gasteizko Casablanca kafetegian, eta Madrilera eraman zuten furgoneta batean. Han epaitu zuten. Bi delitu egotzi zizkioten, biak ala biak bere kazetaritza lanarekin lotuta: alde batetik, «terrorismoaren apologia» egitea leporatu zioten, Mikel Goikoetxea eta Martin Apaolaza etakideen senideei eginiko elkarrizketa batengatik, eta urtebeteko espetxealdia ezarri zioten horregatik. Bestalde, sei hilabeteko beste kondena bat ezarri zioten Juan Carlos Borboikoak Euskal Herrira eginiko bisitari buruzko iritzi artikulu batengatik. «Espainiako koroa iraintzea» leporatu zioten, zehazki. Langraizen espetxeratu zuten.

Sanchez Erauskinek eta haren abokatuak, Javier Añuak, hainbat irregulartasun salatu zituzten epaiketan; besteak beste, Europa Press agentziak bazuela polizia operazioaren berri atxiloketaren aurretik ere, norbaitek albistea filtratu zuelako. Zenbait manifestazio eta protesta egin ziren kazetari gasteiztarraren atxiloketaren aurka, eta Sanchez Erauskinek gose greba egin zuen kartzelan. 1984ko urtarrilean atera zen kartzelatik, eta, ordurako, adierazpen askatasunaren ikur bihurtua zen Euskal Herrian.

2024an, Kazetarien Euskal Elkargoak ohorezko saria eman zion Xabier Sanchez Erauskini, bere ibilbide profesionala omentzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA