Xabier Tximeno Inza euskal presoa (EPPK) libre geratu da, 24 urtean kartzelan egon ondoren, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Burgosko (Espainia) espetxetik atera da Tximeno donostiarra, arratsaldean, zigorra beteta. Zain zeuzkan senideak eta lagunak, eta Donostiara abiatu dira.
Frantziako eta Espainiako espetxeetan egon da preso urte hauetan guztietan. 1995ean atxilotu zuten, Hendaian (Lapurdi), ETArekin lotuta. 2018ko abenduan, Madrilek Villenako (Alacant, Herrialde Katalanak) kartzelatik Burgoskora lekualdatu zuen. Bigarren graduan zegoen.
Orain, Burgosko kartzelan bi euskal preso daude: Aurken Sola eta Jose Antonio Zurutuza.
Guztira 249 euskal preso daude espetxeetan: EPPK-ko 240, AEM inguruko sei, Langraiz bideko bi, eta inongo taldetan ez dagoen bat.