Xibertan lortu ez zen batasuna gaur egun lortu nahi du EH Bilduk

1977an Xibertako elkarrizketetan parte hartu zuten zenbait eragiletako ordezkariekin egin dute agerraldia, Bergaran. Elejabarrietak iritzi dio ordukoa ezin dela aukera galdu baten oroitzapenera mugatu, eta egungo garaiei aurre egiteko balio behar duela.

Gaur eguerdian egindako agerraldia, Bergaran. ARITZ LOIOLA / FOKU
Gaur eguerdian egindako agerraldia, Bergaran. ARITZ LOIOLA / FOKU
nerea intxausti
2026ko azaroaren 12a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Francisco Franco diktadorearen heriotzaren ondoren, erantzun politiko bateratu bat emateko ahalegina egin zuten Xibertako elkarrizketetan zenbait ordezkarik, 1977an. «Gure herriaren une historiko erabakigarri batean» elkartu zirela adierazi du Gorka Elejabarrieta EH Bilduren Espainiako Kongresurako hautagaiak, bilera hartan parte hartu zuten eragileetako ordezkariekin egindako agerraldian. Bergarako (Gipuzkoa) Olaso Dorrean bildu dira, gaur eguerdian, eta azaldu du orduan lortu ez zen batasuna gaur egun lortu daitekeela. 

Urte hartako udazkenean Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egitekoak ziren, eta Telesforo Monzonek deitu zuen bilera hura. Jose Luis Elkorok eta Jose Luis Altunak Alkateen Mugimendua ordezkatu zuten, Jesus eta Xabin Arin Baztarrika ETApm-ko berezien ordezkari gisa aritu ziren, Marc Etxegarai ETApm-ren ordezkari izan zen —ez da ekitaldian izan, baina esandakoarekin bat egiten duela ziurtatu dute—, eta Joseba Azkarraga eta Koldo Amezketa EAJren ordezkari.

Amezketak adierazi du elkarrizketa haietako «bizirauleak» direla: «Elkarrizketa horiek asmo zuten abertzaleek estrategia bateratu bat ematea, diktadorearen heriotzaren ondorengo lehen hauteskundeetan». Eta Elejabarrietak gehitu du euskal nazioaren estrategia bat eraiki nahi izan zutela, eta kontuan hartu zituztela baita ere indar ez abertzale baina demokratikoak: «Agirreren gobernuak inspirazio izaten jarraitu behar zuen, hark frogatu baitzuen posible zela borondate ezberdinak biltzea konpromiso partekatu baten mesedetan».

Xibertako elkarrizketa haiek, baina, ez zuten helburua lortu. Amezketak deitoratu du «momentu oso garrantzitsua» izan bazen ere, ez zirela egoerari erantzun bat emateko gai izan. Lehen desadostasuna izan zuten hauteskundeen aurrean hartu beharreko jarreran: «Baldintzarik gabe parte hartzea, baldintzapean parte hartzea edo abstentzioaren alde egitea». Eta elkarren aurka aritzera eraman zituen horrek, azkenean.

EH Bilduren Gipuzkoako hautagaiak adierazi du Espainiako garaiko gobernuak ahaleginak eta bi egin zituela estatutu marko euskalduna ez betetzeko eta autogobernua murrizteko. Carlos Garaikoetxea lehendakariak horiek salatu zituela ere oroitu du. «Estatuak jarrera zapaltzailea izan zuen, eta ez dio inoiz arazo politikoaren oinarriari heldu nahi izan: Ibarretxe Plana oztopatu zuen eta ETArekin negoziazioak boikoteatu zituen». Gaineratu du «tortura, gerra zikina eta espetxe politika krudela» izan direla Espainiako Estatuaren estrategiaren parte, eta urte luzez «irtenbide justuak eta iraunkorrak» galarazi dituela. Bide beretik, horren guztiaren aitortza eskatu du Elejabarrietak.

1977tik 2026ra

Garaien arteko ezberdintasunak ezberdintasun, 1977an lortu ez zen batasun hura gaur egun lortu ahal izatea proposatu du Elejabarrietak: «Xibertako ikasgaia ezin da aukera galdu baten oroitzapenera mugatu, egungo garaiei aurre egiteko balio behar digu». Eta zera proposatu du: «Haien konpromisoak balio beharko liguke abertzale soberanisten eta progresisten arteko elkarguneak sortzeko, beste indar batzuekin elkartu eta herri bezala funtzionatzeko». 

Horrekin batera, ohartarazi du Xibertako bilerak gertatu zirenetik ia 50 urteren ondoren ere, «arrisku larria» izango litzatekeela bloke erreakzionarioa Espainiako Gobernura heltzea, eta Euskal Herriak autogobernua, eskubide politiko eta zibilak, hizkuntza eta eskubide zibiletan atzerapausoak emango lituzkeela.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA