Bakearen Aldeko Koordinakundea. Azken batzarra

Xingola urdinen isiltasuna

ETAren ekintzak salatuz hasi zuen bidea, 1986an, Bakearen Aldeko Koordinakundeak. Hark jarduera armatua uzteko erabakia «ospatzeko» egin zuen azken mobilizazioa.

Lehen ekintzak. Dolores Gonzalez Katarain Yoyes-en hilketa salatzeko elkarretaratzea izan zen BAKek egindako aurrenetakoa. Dozenaka herritar bildu ziren Ordizian (Gipuzkoa) egindako elkarretaratzean. Ordiziakoa zen jaiotzez ETAko kide ohia, eta han hil zuen ETAk, 1986ko irailaren 10ean. BERRIA.
Hodei Iruretagoiena.
2013ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Indarkeriazko ekintza oro salatzeko» sortu zen BAK Bakearen Aldeko Koordinakundea. Hala diote koordinakundearen oinarriek. ETAren ekintzak salatzeko elkarretaratzeak egiten hasi ziren hainbat talde bildu zituen 1986an, eta ETAk jarduera armatua behin betiko eten zuela iragarri ondoren desegin da. Hogeita zortzi urteko bidean, elkarretaratze isilak eta lazo urdinak izan dira BAKen sinbolo nagusiak, «bakearen usoarekin» batera.

Hainbat herritan hamabost minutuko elkarretaratze isilak egiten hasi ziren, 80ko hamarkada amaieran. 1987ko maiatzean, lehen manifestazioa egin zuten, Bilbon. 1989an, berriz, Euskal Herriko Bakearen Aldeko Elkartea batu zitzaion koordinakundeari.90eko hamarkadan etorri zen, ordea, BAKen garairik esanguratsuena; batez ere, ETAk egindako bahiketen haritik. Jose Maria Aldaia enpresariaren eta Jose Antonio Ortega Lara espetxe funtzionarioaren bahiketak izan zirenean, esaterako, asko izan zirenaurrez aurreko elkarretaratzeak. Batzuek Euskal Herria askatu leloa ateratzen zuten, euskal presoen aldeko aldarriekin batera; besteek Aldaia edo Ortega Lara askatzeko eskatzen zuten, xingola urdinarekin.

1993an du jatorria xingola hark. Urte hartako uztailean bahitu zuten Julio Iglesias Zamora enpresaria, eta Askatasuna leloaren A hizkiaren formagatik hautatu zuten lazoa sinbolo gisa. Gerora, beste talde batzuek ere erabili izan dute —PPk, adibidez—, batez ere, Espainian. Xingola urdina sortu zuten urte berean jaso zuten, Espainian, Asturiasko Printzearen saria. Hiru urte lehenago, 1990ean, Nobel sarirako proposatu zuen Eusko Legebiltzarrak.

90eko hamarkadaren ostean, ordea, indarra galtzen hasi zen koordinakundea. Zenbait ekitaldi egiten jarraitu zuen. 2000. urtean, «arduratuta» azaldu zen ETAren biktima batzuk biltzen zituzten zenbait taldek hartu zuten norabidearekin. 2003tik aurrera, ez zuen elkarretaratzerik egin, 2006ko abenduan ETAk Barajasko atentatua egin arte.

«Erakunde publikoek indarkeria desagerrarazteko egiten duten lana legearen barnean eta giza eskubideak errespetatuz egiten ote den ikuskatzea ere» izan du helburuen artean BAKek. Komunikabideetan GALen hilketak kritikatzea izan da, nagusiki, ildo horretan egindakoa.

2011ko urriaren 20an ETAk jarduera armatua behin betiko uzteko erabakia jakinarazi ondoren, 2012ko otsailaren 11n egin zuen BAKek bere azken manifestazioa, Lortu dugu lelopean. Ehunka lagun bildu ziren Bilbon,ETAren iragarpena ospatzeko. «Aspalditik gogoan genuen etorkizunera heldu gara, azkenik», esan zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.