Arnasa Gara

Xsakara: «Umorez egindako bideoak atseginagoak dira kontzientziak pizteko»

Xabier Gutierrez Xsakara abeslariari egin diote Arnasa Gara kanpainaren laugarren elkarrizketa. Arnasguneetan bizi den jendeak beste udalerrietara joatean eragiten duten «antena efektuaz» hitz egin dute, besteak beste.

Xsakara, elkarrizketan. BERRIA
2021eko apirilaren 13a
14:20
Entzun

Nor da Tomas Hidalgo ikus-entzunezko pilularen inguruan hausnartu dute Arnasa Gara kanpainaren laugarren elkarrizketa digitalean. Xabier Gutierrez Xsakara musikari eta abeslariarekin egin dute elkarrizketa, BERRIAren Instagram kontuan, eta arnasguneetan bizi den jendeak beste udalerrietara joatean eragiten duten «antena efektuaz» hitz egin dute, besteak beste. Izan ere, antena efektu deituriko horren isla da Hiru Damatxo ekoiztetxeak aste honetan egin duen esketxa.

Bideo horretan hiru antzezle ageri dira; bi erdaraz, eta hirugarrena euskaraz. Bat-batean, erdaraz zuzentzen zaio bat hirugarrenari, eta hark berarekin euskaraz egin dezakeela esaten dio, antena efektu hori martxan jarriz. Testuinguru hori oinarri hartuta, bera ez dela hain antena sentitzen adierazi du Xsakara abeslariak, baina eskertzen duela jarrera hori: «Ni ez naiz hain antena, kasu honetan, baina gustatzen zait beste tokiren batera noanean nork edo nork 'aizu, nirekin egin euskaraz' esaten didanean». Halaber, gaineratu du polita iruditzen zaiola horrelako elkarrizketetan euskalki ugari nahasten direnean: «Polita iruditzen zait bi, hiru edo lagun gehiagoren artean euskalki ugari eta nork bere berba bereziak nahasten dituenean».

Adibideak adibide, udalerri euskaldunetako ikasleak eskualde buruetara eta hiriburuetara ikastera joaten direnean sortzen diren antzerako egoeren berri eman dio BERRIAko kazetariak Gutierrezi, eta berari ere gertatu izan zaiola azaldu du musikariak: «Erandion ikasi nuen, eta, aurkezpen edo galdera askotarikoak daudenean, japonieraz edo euskaraz ari nintzen galdetzen zidaten, ikaskide gehiengoak ingurukoak izan arren». Gainera, nork bere herrian dituen berba berezi horiek ere kutsatu egiten direla erantsi du, eta hori oso atsegina suertatzen zaiola: «Bermeon sarri erabiltzen den txo-ren gisako esapideak ere entzun izan dizkiet gerora».

Gazteen hitzkuntza ohituren inguruan galdetzean, kontzientziazio prozesu hori adinarekin bat etor litekeela aipatu du abeslariak, eta bera ere horren adibide dela: «Orain dela bost-sei urte, 15 urte inguru nituenean, asko egiten nuen erdaraz, naturalki. Etxean, beti euskaraz. Orain, berriz, alderantziz: asko egiten dugu euskaraz. Gaztaroan, ez gara hain kontziente». Joera hori modarekin eta egungo kontsumo ereduekin lotuta egon daitekeela uste du, eta ildo horretan eredu izan daitezkeela sortzaileak: «Gazteria oso ardaztuta dago erdararantz, baina gero eta musikari gehiago ari gara euskararantz jotzen. Horrela, apurtxo bat gehiago indartzen ari gara euskal kultura, batez ere gazteen artean».

[youtube]https://youtu.be/dBVtgaTryFE[/youtube]

Arnasa Gara kanpainaren barruan zabaldu duten laugarren esketxa da Nor da Tomas Hidalgo, eta, Gutierrezen esanetan, oso lagungarriak dira modu arin eta umoretsu batean hausnarketari heltzeko: «Horrelako bideoak, beste era batera egindakoak eta umoretik egindakoak, atseginagoak dira kontzientziak pizteko». Datozen asteetan plazaratuko dituzte horrelako bideo gehiago; izan ere, martxoaren 18an aurkeztu zuten kanpaina Uemaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren artean, eta Hiru Damatxo ekoiztetxeak egindako zortzi bideo dira kanpainaren ardatza. Bideo horien inguruan hausnartzeko, berriz, astero gonbidatu batekin solasten ari dira BERRIAko Instagram kontuan, eta datozen asteetan ere elkarrizketa digital horiek egiten jarraituko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.