Euskal presoak

«Xua ez da bakarrik egongo»

Haur motxiladunek bizkarrean daramaten zama arintzeko beharra aldarrikatu dute Donostiako Atano III.a frontoian. Xuaren gurasoek harekin Usurbilen egon behar dutela defendatu du Sarek.

'Motxilak gora' ikuskizuna, Atano III.a frontoian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iosu Alberdi.
2020ko urtarrilaren 19a
09:49
Entzun

Xuaren hirugarren urtebetetzea dela eta, haur motxiladunen egoera salatzeko Motxilak gora ikuskizuna egin dute gaur Donostiako Atano III.a frontoian. Izan ere, 3 urteak beteta, Xua haur motxiladun bilakatuko da orain, espetxe legediaren aginduz ezingo baitu amarekin bizitzen jarraitu. Gurasoak ikusteko, 600 kilometroko ibilbidea egin beharko du, Picassenteko kartzelan (Valentzia, Herrialde Katalanak) espetxeratuta baitaude haiek. Biak Euskal Herrira ekartzeko eskatu du Sarek, haurra gurasoekin Usurbilen (Gipuzkoa) bizi dadin.

Sareko bozeramaile Inaxio Oiarzabalek adierazi du haur motxiladunak direla egungo espetxe politika «erarik gordinenean» bizi dutenak, ehunka kilometro eginez gurasoetako bat 40 minutuz ikusi ahal izateko. «Espetxe politika aldatzeko garaia da», gehitu du. Joseba Azkarragak ere bide beretik jo du, eta, «giza eskubideen defentsan», egungo «mendekuzko» espetxe politika bertan behera utzi beharra nabarmendu du. Biek gogoratu dute Xuaren gurasoek zigorren hiru laurdenak beteak dituztela eta, ondorioz, aske behar zutela.

Xuak eta gainontzeko haur motxiladunek «gurasoekin bizitzeko duten eskubidea» aldarrikatzeko ekitaldia izan da gaurkoa. Guztira, 102 dira gurasoetako bat edo biak ikusteko aste bukaeretan ehunka kilometro egiteko «zama bizkarrean» hartu behar duten adingabeak. Motxila erraldoi bat bizkarrean duela agertu da Porrotx agertokira, horien egoera ikusarazteko.

Haurren egoera horren aurrean zerbait egin beharra azpimarratu dute pailazoek, horiengan «pisu handiegia» ezartzen dela salatuta. Motxilatik «amorrua, pena, nekea, etsipena...» atera dituzte, eta puxikak sartu horien ordez. Horietako bakoitzari esanahi propio bat eman diote: morea, «familiaren babesa»; horia, «Usurbilgo irakasleek hezteko emango duten laguntza»; gorria, «ikaskideen jolasak eta laguntasuna»; eta berdea, «herritarren elkartasuna». Gaineratu dute Xuak «herritar guztien maitasuna» jasoko duela Usurbilera iristean: «Xua ez da bakarrik egongo: herritarren babesa izango du».

Ikuskizunean parte hartu dute haur motxiladunek ere; protagonismo berezia izan dute horiek, eta kantuan, magia egiten eta abarretan aritu dira ikusleen aurrean. Maider Zabalagi eta Xanti Romano musikariek ere emanaldi bat eskaini dute. Zabalegi ere haur motxiladun izanikoa da.

Amaiera aldera iritsi da une hunkigarrienetako bat. Atanora joan diren guztien artean, Xuari Zorionak zuri abestu diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.