Euskal presoak

Xuarekin batera gurasoak etxera ekartzeko eskatuko du Sarek igandean

Motxilak gora ikuskizuna egingo dute Donostiako Atano pilotalekuan. Xua haur motxiladuna izango da ordutik aurrera, eta 600 kilometroko bidaia egin beharko du gurasoekin egoteko.

Porrotx eta Zabalegi (eskuinean), Sarek gaur goizean egin duen aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU
2020ko urtarrilaren 16a
15:57
Entzun

Xua haurrak 3 urte beteko ditu datorren igandean, eta, espetxe legediak hala aginduta, Euskal Herrira etorriko da bizitzera, aita eta ama Valentziako Picassent kartzelan utzita (Herrialde Katalanak). Igandetik aurrera haur motxiladuna bilakatuko da, beraz. Sare euskal presoen eskubideen aldeko plataformak ekitaldi berezi bat antolatu du egun horretarako, Xuaren urtebetetzea ospatzearekin batera, eskatzeko haren gurasoak ere Usurbilen (Gipuzkoa) nahi dituztela: «Hori ez da Xuak amestutako edo asmatutako ezinezko ipuina. Olatz eta Patxi etxean egotea legedia betetzea litzateke soilik», esan dute gaurko aurkezpenean Porrotx pailazoak eta Maider Zabalegi musikari eta haur motxiladun izandakoak.

Motxilak gora izena jarri diote ekitaldiari, «garaia delako herri honetan oraindik ere etxe askotan dagoen sufrimendua bukatzeko». Adierazi dute gaur egun 18 urte arteko 102 haur eta nerabe motxiladun daudela Euskal Herrian. Porrotxek berak parte hartuko du igandeko ikuskizunean. Donostiako Atano pilotalekuan egingo dute, 11:30ean.

Aurkezpenean Sara eta Izar haurren kasuak izan dituzte gogoan, eta esan dute aurrerantzean Usurbildik Valentziarainoko 600 kilometroko bidaia «luzea, arriskutsua, aspergarria eta garestia» egitera behartuko dutela Xua. Eskatu dute legedia betetzeko, bi euskal presoek espetxe zigorraren hiru laurden betea baitute honezkero, eta posible baita haiek baldintzapean aske uztea.

«Asteburuan 80.000 pertsona atera ginen kalera Bilbon eta Baionan. Euskal jendartearen mezua eta aldarria argia da: bada garaia preso eta iheslarien auzia konponbidean jartzeko. Guztioi dagokigu salbuespen legedia amaitu eta, legedi arrunta oinarri hartuta, presoen etxeratze prozesua gauzatu dadin bidea egitea», adierazi dute.

Xua kartzelatik herrira etorri eta gero, 3 urtetik beherako lau haur geratuko dira kartzelan euren amekin: hiru Valentzian, eta bat Madrilen.

Hilabete honetan bertan, Gipuzkoako Batzar Nagusiek mozio bat onartu zuten eskatzeko Xua eta haren gurasoak etxera ekartzeko. Sarek eta Xua Gurasoekin Etxera plataformak aurkeztu zuten mozioa, eta EAJren, EH Bilduren, PSEren eta Podemosen aldeko botoak jaso zituen. Batzar Nagusiek adierazi zuten eskaeraren berri «urgentziaz» emango ziotela Espetxe Zuzendaritzari, Zaintzako Epaileari eta Espainiako Barne Ministerioari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.