Xuhar herri plataformak salatu du «sinesgaitza» dela Ertzaintzaren bertsioa

Plataformak salatu du ez dagoela inolako «kasualitaterik» Ertzaintzak Tolosako inauterietan izandako esku hartzean, eta erantzunak eskatu ditu.

Tolosan foam jaurtigaiarekin zauritutako gaztea, erdian, Villabonan egin zuten agerraldi batean. JON URBE / FOKU
Asteazkeneko bilkura, Villabona-Amasako udaletxean. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko martxoaren 1a
11:30
Entzun

Atzo iritsi zen hedabideetara Ertzaintzak Tolosako (Gipuzkoa) inauterietan izandako esku hartzearen inguruan egindako txostena. Haren arabera, «errebotez» jo zuen agenteek botatako foam jaurtigailu batek 16 urteko mutila, eta begian lesio larriak eragin zizkion. Hala baieztatu zuen txostena filtratu aurretik ere Villabona-Amasako (Gipuzkoa) EAJk asteazkenean: «Ez zen tirokatua izan». Gaur, baina, Xuhar herri plataformak «sinesgaitzat» jo du hipotesi hori, eta, ironia erabilita, salatu du esku hartzean ez zela «kasualitaterik» izan: «Nola jakin behar zuten esku hartzea koordinatu zuen ertzainburuak eta esku artean eskopetak zituztenek, inor tirokatzeko asmorik gabe, foam jaurtigai horiek ‘kasualitatez’ hiru pertsona zauri zitzaketela?».

Ertzaintzaren ikerketaren arabera, «50 metrotik baino gehiagotik» egin zuten tiro agenteek, «gorputzaren beheko aldera», eta beste pertsona baten besoan errebotatu ostean jo zuen 16 urteko gaztearen begia foam jaurtigaiak. Beraz, ondorioztatu dute agenteek protokoloa bete zutela. Hain zuzen, asteazkenean, gertakaria salatzeko eta argibideak eskatzeko mozioaren inguruko eztabaidan, EAJko Arantza Rojo zinegotziak defendatu zuenaren bidetik. Hark esan zuen polizien esku hartzea ez zela «neurrigabea edo desegokia» izan, eta ukatu egin zuen 16 urteko mutila «tirokatu» izana.

Xuhar herri plataformaren ustez, baina, horrek ez du ez hanka eta ez buru, ez delako «kasualitatea» jaurtigailuak hiru gazte zauritzea ─Villabonakoaz gain, beste bi gaztek ere salatu dituzte foam jaurtigaiek eragindako lesioak─. Izan ere, ironia baliatuz, kritikatu egin du «zilegi eta proportzional» gisa kalifikatu izana ertzainak «Soldadu kalean Ertzaintza soldaduen pare sartzea», zein «kasualitate» gisa definitzea eskopeta batetik «ateratako» foam jaurtigailu batek «kasualitatez» kale hartan zen gaztetxoaren begian amaitu izana. Hala, berretsi du «parranda giroan zeuden gazteak tirokatu» egin zituztela ertzainek, eta gehitu ardurak hartzeko eta argibideak emateko momentua dela: «Bada garaia gauzak aldatzeko».

Izan ere, plataformak gogoratu du medikuen txostenek argi adierazi dutela gaztearen «begiko kalte eta zauriak poliziaren foam jaurtigaiak eraginak» direla; zehazki, begi ondoa erabat handitua utzi zion, malko hodia hautsita eta erretina askatuta, eta hamalau puntu ere eman zizkioten zauria ixteko. Ospitaletik igaro ostean, ebakuntza bat egin zioten, eta beste baten esperoan da. Egun, ez du ikusmenik begian, eta lesioak eragin ditzakeen ondorioen zain daude gaztetxoa eta senideak.

«Astakeriak»

Plataformak «lotsagarritzat» jo du Villabona-Amasako EAJren jarrera: «Batzar aretoan esandako astakeriak publikoki salatu nahi ditugu». Azaldu dute «hitz higuingarri» haiek gogorrak izan zirela 16 urteko gaztetxoarentzat zein haren senideentzat.

Rojo zinegotziak, baina, Ertzaintzaren jarrera «zilegitzat» jotzeaz gain, xehetasun gehiago ere eman zituen EAJk gertakariaz egindako interpretazioaren inguruan. Besteak beste, Tolosako Udalari ─hau da, EH Bilduri─ leporatu zion Ertzaintzarekin ongi ez koordinatu izana, argudiatuta txosnen kokalekuarekin larrialdi zerbitzuen lana zaildu zuela.

Hitz horiengatik, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak «gezurra» esatea egotzi zion Villabonako EAJko zinegotziari, eta azaldu zuen Udaltzaingoak segurtasun plan bat prestatu zuela, eta hura Ertzaintzari igorri. Are gehiago, salatu zuen Ertzaintzak ez diola inolako informaziorik eman udalari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.