Xuti Gazte antolakundeak agerraldia egin du Baionako fakultatean, Ipar Euskal Herriko goi mailako ikasketa eskaintza emendatu dezatela eskatzeko. Salatu dute baxoaren ondoko ikasketak bideratzeko Frantziako hezkuntza administrazioak erabiltzen duen Parcoursup sistemak Euskal Herritik kanpora joatera behartzen dituela ikasleak. «Gure herriarekiko lotura moztu nahi digute. Gure bizi proiektuak Frantzian garatzera bultzatzen gaituzte», salatu dute.
Xuti Gazteko kideen iritziz, ikasturte osoa «elkarri joka» pasatzera pusatzen ditu Parcoursup hautaketa sistemak: «Nork duen batezbesteko hoberena, nork egiten duen gezurrez jositako motibazio gutun txukun eta originalena, irakasleek zein ikasleri ezarriko dizkieten ohar hoberenak… Hainbesteko lan eta lehia, jakin gabe egin nahi ditugun ikasketetan hartuak izateko zein irizpide erabiliko duten».
Gazte taldeak salatu du Frantziako Estatuan eta frantsesez ikastera bideratzen dituztela Ipar Euskal Herriko ikasleak. «Bukatu da euskaraz ikasi ahal izatea; baxoa hasten dugun egunetik goiti, gure ikasketa eta azterketa guziak frantsesez egin beharko ditugu».
Orduan agertu zaie Gisele Mendi Bilek, UPPA Baionako fakultateko Europako eta Nazioarteko Ikasketen zuzendaria. Haren erranetan, «zenbait aukera eskainiak» zaizkie ikasleei, baina «ez dira horien jakinean eta ez dute gehiagoren jakiteko desmartxarik egiten». Euskal Filologia ikasteko lizentzia aipatu die ekintzaileei, eta horiek ihardetsi: «Guk erraten duguna da lanbideak ikasi nahi ditugula euskaraz, ez euskal lizentzia bakarrik».
Mendi Bilekek azaldu die lizentzia dobleak sortzeko bidean direla, Euskal Filologia ikasten duten ber denboran ikasleek Zuzenbidea ere ikasi ahal izan dezaten, adibidez. Halere, zehaztu behar da Zuzenbideko ikasgaiak ez liratekeela euskaraz irakatsiak izanen; Euskal Filologiako ikasgaiak baizik ez. Funtsean, beraz, ez die erantzun Xuti Gazteko kideen aldarriei.
Hezkuntza eskuragarri
Xuti Gazteren arabera, gaur egungo sistemak ez ditu kontuan hartzen Euskal Herriaren beharrak. «Ipar Euskal Herriak erronka anitz izanen ditu heldu diren urteetan, eta horretarako profesionalak beharko ditu. Alta, Ipar Euskal Herriak ezin baditu bere goi mailako ikasketak zabaldu eta kudeatu, nola bermatuko ditu behar dituen profesionalak?», galdetu dute. «Frantziako erabakien menpe uzten gaitu, gure burujabetzaren kaltetan».
Etxetik kanpora joateak duen kostua ere azpimarratu dute, eta ohartarazi garraioko, etxebizitzako eta bestelako gastuei ere aurre egin behar izaten dietela gazteek. «Ikasi ahal izateko dirua izan behar da».
Horregatik guziagatik, ezinbestekoa zaie Ipar Euskal Herrian goi mailako ikasketa eskaintza emendatzea eta ikasleentzako ikaspostuak sortzea. «Ikasketa sail berriak behar ditugu hemen: osasungintza, gizarte zientziak eta beste hainbeste. Denontzat eskuragarria den hezkuntza behar dugu, ipar euskal herritar orori formakuntzarako ateak irekiko dizkiona, bere egoera edozein izanik ere».