Israelek genozidioa egiten jarraitzen du Palestinaren kontra, sarritan komunikabideetan agertzen ez bada ere. Herritarrak Palestinaren egoeraz ez ahaztea nahi du Yala Nafarroak, eta manifestazioa antolatu du otsailaren 21ean, Iruñean. 17:00etan abiatuko da Antoniutti parketik. Manifestazioaren bitartez, Israelen inpunitatea eta hura babesten dutenen konplizitatea gaitzetsi nahi dituzte. «Beste behin» kalera ateratzeko eskatu diete herritarrei.
Gaurko aurkezpenean Nafarroako Gobernuari mintzatu zaio Lidon Soriano, Yala Nafarroako ordezkaria: Israelekiko harreman oro eteteko eskatu dio. «Gogorarazi behar dugu Palestinan gertatzen dena ez dela arazo lokala», azaldu du Sorianok.
Hurrengo hilabeteetan ekintza gehiago egingo dituzte. Gogoan izango dituzte hiru egun: Palestinako Lurraren Eguna, martxoaren 30ean; Palestinako presoena, apirilaren 17an; eta Nakba —palestinarren exodoa eta Israelgo Estatuaren sorrera gogora ekartzeko eguna—, maiatzaren 15ean.
Genozidioa, «su motelean»
Agerraldian izan da Majed Dibsi abokatu eta kazetari palestinarra. Uste du Palestinaren kontrakoa «su motelean egindako genozidioa» dela. Palestinari «bizkarra ematea» egotzi dio nazioarteko komunitateari. Dibsiren iritziz, Europako Batasunak ez ditu politika «koherentea» eta «nazioarteko politika bateratua». Ez dago su etenik: «Donald Trump AEBetako presidenteak asmatu zuen itxurakeria bat izan zen, zerbait egin nahi duela erakusteko. Baina egoera lehen baino okerragoa da, iritzi publikoak sinetsi egin baitu su etena dagoela. Israelek 600 pertsona hil ditu su etena indarrean dagoenetik».
Sorianok iaz egindako jardueren errepasoa egin du Iruñeko agerraldian: bost manifestazio Iruñean; 117 hitzaldi edo solasaldi Nafarroan; Nafarroako Parlamentuak eta 80 udalek baino gehiagok onartutako hiru mozio; nazioarteko zenbait kongresutan parte hartzea; eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan antolatutako jardunaldi juridikoak. «Baita lan instituzionala ere», osatu du Sorianok, «Nafarroako udaletan erosketa etikoen araudia aplikatzeko».
Yala Nafarroako ordezkariak gogora ekarri du iazko abenduan uko egin ziotela Nafarroako Parlamentuaren Dominari. Erakundeak Palestinako herriari eta haren kontrako sarraskia salatzen duten herritarrei eta elkarteei eman zien. Yala Nafarroak uko egin zion, Nafarroako Gobernuak hurrengo egunean Manuel Torresi —MTorres enpresaren sortzaileari— eman ziolako bere Urrezko Domina: «Israelek erabiltzen duen F35 gerra hegazkinaren ekoizpenean parte hartzen du enpresa horrek».
Yala Nafarroak eskerrak eman dizkie ekarpenak egiten dituzten herritarrei.