Yanely Gonzalesen hiltzaileak 25 urte egingo ditu zentro psikiatriko batean

Epaiketa hasi aurretik, akordio batera iritsi dira alde guztiak. Akusatuak krisi psikotiko betean hil zuen bikotekide zuen emakumea, eta auzi medikuek ebatzia zuten ezin zitzaizkiola delituok inputatu. Errugabetu egin dute, baina itxialdia ezarri diote.

Yaneli Gonzalesen hilketaren inguruko epaiketarik ez da izan, akordio batera iritsi baitira aldeak. LUIS TEJIDO / EFE
Yaneli Gonzalesen hilketaren inguruko epaiketarik ez da izan, akordio batera iritsi baitira aldeak. LUIS TEJIDO / EFE
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2026ko urtarrilaren 21a
13:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

Yaneli Gonzalesen hilketa matxistaren inguruko epaiketa abiatzekoa zen gaur goizean Bizkaiko Probintzia Auzitegian, baina, herri epaimahaiko kideak aukeratzekotan zirela, akordio batera iritsi dira alde guztiak. Gonzales bikotekide zuen gizonak 25 urte egin beharko ditu zentro psikiatriko itxi batean. Berez, errugabetu egin dute akusatua: ardura kriminaletik guztiz salbuetsita geratu da, krisi psikotiko batean hil zuelako emakumea. Hala, teknikoki ez diote zigorrik jarri, baina bai segurtasun neurriak: itxialdia ezarri diote, «arriskutsutzat» jo dutelako.

2024ko irailaren 12an izan zen Gonzalesen hilketa, Bilboko Santutxu auzoan, emakumeak eta haren bikotekideak bizitoki zuten etxean. Arma zuriz eraso zion gizonak, eta andrea etxean bertan zendu zen; 31 urte zituen. Aurreko egunetan krisi psikotiko bat izan zuela eta, hilketaren egunean Basurtuko ospitaleko larrialdietara joan zen gizona, baina etxera bidali zuten, eta iritsi bezain laster hil zuen bikotekidea.

Akusatuaren buru osasuna aztertu ondoren, Bizkaiko Lurralde Auzitegiko medikuek ebatzi zuten gizonari ezin zitzaiola delituon gaineko ardurarik inputatu, hilketaren unean «alterazio psikopatologiko larria» zuelako eta ondorioz ez zelako bere buruaren eta ekintzen jabe. Txosten horrek erabat baldintzatu behar zuen epaiketa: delituen egiletzari buruzko zalantzarik ez zegoen —akusatuak ere aitortua zuen Gonzales hil zuela—, eta akusazioek ez dute auzitan jarri gizonari ezin zitzaiola ardura penalik egotzi; beraz, itxialdi moldea eta urte kopurua ziren eztabaidagai nagusiak.

Antzeko zigor eskaerak

Fiskaltzak 25 urteko itxialdia eskatua zuen zentro psikiatriko batean; eskaera horrekin bat zetozen Clara Campoamor elkartearen eta Bilboko Udalaren abokatuak. Hildakoaren familiaren abokatuak, berriz, 29 urtez espetxeratzea eskatua zuen, baina frogen arabera eskaera hori moldatzeko prest agertu da. Azkenean, akordioa erdietsita, 25 urteko itxialdia ezarri diote, «bere buruko gaitzei egokitutako zentro batean»; medikuek aztertuko dute gizonaren bilakaera. 

Zehazki, 25 urteko itxialdia ezarri diote hilketa azpikeriaz egiteagatik; bikote harremana kontuan izanda, ahaidetasun eta genero larrigarriak onartu dituzte. Horrez gain, beste bost hilabeteko itxialdia ere ezarri diote, emakumearen gorpua profanatzeagatik, hainbat mutilazio egin baitzizkion. Itxialdia amaitzen denean, hamar urtez zaintzapean egongo da aske. Era berean, 384.000 euroren kalte ordaina pagatu beharko die hildakoaren lau senideri, 96.000 euro bakoitzari.

Akusazioak «pozik» agertu dira akordioarekin, haien eskaera gehienak bere horretan onartu direlako; kalte ordainetan baino ez dute zertxobait amore eman, kopuru txikiagoak onartu baitira azkenean. Epaia «bidezkoa» dela adierazi du Gonzalo Muñozek, familiaren abokatuak: «Antzeko epai bat izango zen epaiketa gauzatu izan balitz».

Basurtuko ospitalearen jarduna, auzitan

Dena den, auzitan geratu da Basurtuko ospitalearen jarduna kasu honetan. Izan ere, hilketa gertatu baino ordu batzuk lehenago joan zen gizona larrialdietara, Jose Manuel Mate Basterretxea defentsa abokatuak azaldu duenez: «Bizitza normala zuen; botikak hartzen zituen, eta normal egin zezakeen lana. Tarteka krisiak izaten zituen, baina ez zen biolentoa. Egun hartan bere kabuz joan zen akusatua erietxera, aurrez hiru aldiz izan baitzen psikiatrian ospitaleratua, Valladoliden [Espainia] bizi zenean. 45 minutuz artatu ostean, botika bat eman zioten, eta etxera bidali zuten».

Akusazioak bat etorri dira kritika horrekin, eta «arduragabekeriatzat» jo dute erietxearen jarduna. «Interesik gabe artatu zuten. 45 minutu ez dira nahikoak haluzinazioak dituen gizon bat ondo artatzeko, haren historia klinikoa aztertzeko eta diagnostiko bat egiteko», adierazi du Marta Doladok, Bilboko Udalaren abokatuak. «Osakidetzak aztertu beharko du zerk huts egin duen, ezin baitugu ahaztu pertsona hau ospitalera joan zela laguntza bila», erantsi du Ana Hernando Clara Campoamor elkartearen abokatuak.

Ildo horretan, defentsa abokatuak azaldu du erreklamazio bat jarria duela Osakidetzan, kalte ordainak pagatzea haien ardura delakoan, eta erantzunik ezean administrazioarekiko auzi bat abiatuko duela. «Ez dugu nahi medikurik zigortzea, arlo psikiatrikoan gainezka baitaude; protokoloak berraztertzea nahi dugu, argitzea zer gertatu den», esplikatu du Matek. Familiaren abokatuak ere beste erreklamazio bat aurkeztu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.