Koldo Ruiz yoga irakaslearen aginduei jarraiki, luzaketak eta oreka ariketak (asana-k) landu dituzte yogalariek gaur goizean Donostiako Kontxako hondartzan. Egun osorako egitaraua antolatu dute Gipuzkoako Yogaren Lagunek. Eguerdi aldean, Ibaetako campusean aritu dira gorputza luzatzen, baina baita ere Yogaren inguruko egiak eta gezurrak izenburupean eztabaidatzen. Arratsaldean, arnasketa ariketak eta meditazioa landu asmo zituzten, eta 19:00etarako, Zertarako yoga? Manuel Paz irakaslearen hitzaldia zegoen aurreikusita.
Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak urteko egunik luzeenean ezarri zuen Yogaren Nazioarteko Eguna iaz. Luzeena ipar hemisferioan da, betiere, hego hemisferioan motzena baita. Aurtengoa, beraz, bigarrena besterik ez da izan. Narendra Modi Indiako Lehen Ministroaren ekimenez ezarri zuten eguna. Izan ere, yogilari eta yogazale amorratua da Modi.
Gipuzkoako hiriburuan ospatzea erabaki dute Donostia2016 ekimenaren harira, "yoga ere kultura" delakoan.