Lasai eta adeitsu, eserlekuan eroso jarrita eta hitz egiteko gogoz azaldu da Yolanda Barcina Nafarroako presidente ohia Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordean, hasiera-hasieratik «egia» bat ezarri nahian: «Nire agintaldietan, zero ustelkeria». Hortik aurrera, «ez dut gogoratzen», «ez dut hain oroimen ahaltsurik» eta beste formula batzuk erabili ditu adierazteko aspaldiko auziei buruz galdetzen ziotela eta, nolanahi ere, «eztabaida politikoei buruz» ari zirela. Horregatik, birritan ohartarazi du batzordeko presidenteak «agian» gaia aldatzen ari zirelako abisua emango zuela, «batzordearen zeregina ustelkeria ikertzea» baita.
Alderdi politikoetako ordezkariek ere beren alea jarri dute eztabaida garratzak saihesteko, eta galdeketak, hortaz, ez dira izan oldarkorrak. UPNko parlamentari Javier Esparza izan da lehena gobernukide izandakoari galdetzen, baina, galderak egin gabe, Barcina batzordera joatearen «benetako arrazoia» zein den azaldu du: «Honek Belateko obrari buruzko ikerketa izan behar zuen, Txibiteren nagusi Cerdanen atxiloketa eta kartzelatzearen ondoren sortutako ustelkeria auzi larriaren harira, baina atzera egin nahi izan dute legealdietan, dena nahasteko». Hortaz, Barcinari esplikatu dio zergatik deitu duten batzordera: «UPNkoa izan ez bazina ez zeundeke hemen».
Servinabar eratu aurretik
Presidente ohiak hartu du txanda, eta berehala gogoratu du Antxon Alonsoren Servinavar enpresa Barcinak presidente izateari utzi eta 44 egunera eratu zutela. «Ez dago nire agintaldian ezein adjudikazio enpresa horren alde. Ez dut askoz gehiago esateko».
Javier Lekunberri PSNko ordezkariak hartu du hitza jarraian, eta hasieratik erakutsi du adeitasunez ariko zela: «Egiatzat jotzen dut zu ez zaudela nahastuta ezein irregulartasunetan». PSNk ez du ulertu Barcina batzordera deitzea, ez eta Uxue Barkos eta Maria Txibite deitzea ere. Haiek izango dira hurrengoak batzordean deklaratzen.
Lekunberrik, halere, gogoratu du Antxon Alonsoren jarduera UPNko bi alkateren eskutik hasi zela eta horrek berez ez duela ezer esan nahi, baina PSNkoak izan balira beste era batera aztertuko zela informazio hori. Etengabe mahairatu duen ustea helarazi du lehen aldiz: «Neurtzeko bi modu daude hemen: PSNko ala UPNko gobernuak izan, administrazioaren ohiko jarduerak era batera edo bestera aztertzen dira».

Nafarroako ubidearen auzian barneratuta, Lekunberrik esan dio Barcinari «beti» izan dela «alkate eta presidente ausarta», hura «fisikoki desagerrarazteko prest zeuden taldeen garaian», eta Barcinak erantzun du ez zela sekula egon kontratazio mahai batean, berdin izan zaiola zer enpresak lortzen zituen adjudikazioak, baita Nafarroako ubidea zabaltzeko lanetan ere. «Zuek eta guk gauza handiak egin ditugu Nafarroaren alde, eta krisi ekonomiko gordin bati aurre egin diogu», esan dio Barcinak PSNko parlamentariari, Nafarroako ubideari erreparatuz, eta garbi utzita Barcinaren agerraldia eroso baino erosoagoa izango zela.
«Txibiteri gauza bera gertatzen zaio, baina beste modu batera neurtzen dute», ausartu da esatera Lekunberri, manera onak eta irribarrea alde batera utzi gabe. Barcinak esaldi biribila bota du orduan: «Nire agintaldian, zero ustelkeria».
Araiz eta Nafarroako ubidea
EH Bilduko parlamentari Adolfo Araizen txandan iritsi dira galderarik zailenak Barcinarentzat, batez ere Nafarroako ubideari lotuta. Araizek erantzunak eskatu dizkio Nafarroako Gobernuak Canasa sozietateari emandako diru kopuru handiaren inguruan. 2013tik 2015era, «krisiaren garairik gordinenean», 25 milioi euro joan ziren Canasara, eta guztira 77 milioiko mailegua izan da 2026ra arte. «Ez dut horri buruz ezer oroitzen. Eskertzen dizut pentsatzea hain oroimen zorrotza dudala», erantzun du Barcinak.
Honako hau esan du segidan, eta askotan errepikatu du gerora: «Hori ez-arazo bat da. Ez dugu gaurko gaia desbideratu behar». Muga meategiko proiektuari buruz, berriz, presidente ohiak azpimarratu du bere gobernuak ez zuela espediente hori itxi, abiarazi baizik: «Ixten duenak dauka ardura». Edonola ere, helarazi du bere gobernuak krisi ekonomiko latzari aurre egin ziola eta «Espainiako osasun zerbitzu onena» utzi ziola hurrengo gobernuari.
Eta galdetzaile guztiei zuzenduta, adierazi du ustelkeria susmorik baldin badago «jatorrira» jo behar dela. «Suhiltzaileek sutera joan behar dute, sua dagoen lursailera, eta ez sua ez dagoenetara. Zer egiten dut nik hemen?». Araizek gogoratu dio ardura politikoak aztertzen ari direla batzordean, ez delituak: «Epaitegietan ari dira horretan». Eta bien arteko elkarrizketa amaitu aurretik, Barcinak eskertu dio EH Bilduko ordezkariari 2015ean ustelkeriaren aurkako bulegoa bultzatu izana Barcinaren agintaritza ikertzeko: «Nire gobernuaren alfonbrak altxatu zenituzten, eta ez zegoen ezer. Eskerrik asko lan hori egiteagatik, eta jarraitu hurrengo gobernuekin lan horretan».
Koldo Garcia ezagutzen du
Geroa Baiko Pablo Azkonaren galderei erantzunda, UPNko buruzagi ohiak berretsi du ez duela Patxi Alonso ezagutzen eta Guardia Zibileko UCO unitatearen txostenean azaltzen diren beste pertsona batzuekin ekitaldiren batean izango zela akaso, Accionako ordezkari batzuekin, baina ez dela gogoratzen. Salbuespen bat badago: Koldo Garcia ezagutzen du Barcinak, bere burua ikusi baitu irudiren batean Garciari domina bat jartzen. «Hori ikusi nuenean neure buruari galdetu nion ea zein ote zen hura, zer zen ekitaldi hura».
Carlos Guzman Zurekin taldeko galdetzaileak azalpenak eman dizkio Barcinari, eta esan batzordean dagoela bere taldeak proposatu zuelako. «Ez zaude hemen ezer desbideratzeko, baizik eta UCOren txostenean aztertu duten aldiak zure agintaldia ere hartzen duelako. Presidente izateari utzi zenion Servinabar sortu baino 44 egun lehenago, baina ustelkeria auzi horren jatorria hori baino lehenagokoa da».