Lagun eta senideek ez dute ahaztu Yolanda Gonzalez. Espainiako eskuin muturreko Fuerza Nuevako kideek hura bahitu, torturatu eta hil zutenetik 35 urtera, omenaldia egin diote Deustuan, eta Bilboko Udalari eskatu diote auzoko plazari haren izena jartzeko, herritarrek gertatutakoa inoiz ahatz ez dezaten.
Gonzalez Madrilen bahitu zuten, mutil-lagunarekin eta PST Langileen Alderdi Sozialistako beste kide batekin partekatzen zuen etxean, 1980ko otsailaren 1eko arratsaldean. Fuerza Nuevako Emilio Hellin eta Ignacio Abadek antolatu zuten bahiketa, beste hainbat kiderekin batera. Gerora komunikabideetara bidalitako ohar batean aldarrikatu zuten "ETAko kide" zelako bahitu zutela Gonzalez.
Espainiako Auzitegi Nazionalak 43 urte eta hiru hilabete arteko kartzela zigorra ezarri zien Hellini, Abadi eta beste lau pertsonari Gonzalez bahitu eta hiltzeagatik.