Familiartekoak, lagunak eta hainbat ordezkari politiko bertan zirela, Yolanda Gonzalezi eskainitako plazatxoa inauguratu dute gaur Bilbon. BVE Batallon Vasco Español talde parapolizialak hil zuen Gonzalez deustuarra, 1980an, Madrilen. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak azaldu duenez, Gonzalezen jaiotetxetik 50 bat metrora dagoen plazatxoari haren izena jarrita, kitatu egin dute hiriak Gonzalezekin zuen "zorra".
Eugenio Gonzalez aita eta Asier Gonzalez neba bertan zirela inaguratu dute plaza. Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdietako ordezkariak han izan dira, EAJkoak, PSEkoak, EH Bildukoak, PPkoak, Udalberrikoak eta Ganemosekoak, baita Aintzane Ezenarro Gogora-ko zuzendaria ere.
Txistuarekin Agur jaunak jotzen zuten bitartean bistaratu dute Yolanda Gonzalezen izena daraman plaka; gero, aurreskua dantzatu diote, eta, amaitzeko, lore eskaintza egin dute.