Udako seriea. Oldarraldi erreakzionarioa (II): Sexu hezkuntza

Z: krisiz krisi eraikitako belaunaldia

Adituek uste dute krisi garaian haziak eta heziak direla egungo gazte eta nerabeak, eta bakarrik daudela. Haien sexu hezkuntzan eraginik izan du horrek: anitzek sare sozialak dituzte babesleku, baina ikasgelak ere leku seguru bihurtu behar dira.

Sare sozialak nerabe anitzen babesleku bihurtu dira. GUILLAUME FAUVEAU
Sare sozialak nerabe anitzen babesleku bihurtu dira. GUILLAUME FAUVEAU
Isabel Jaurena.
2025eko abuztuaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

 

«Errudunak dira, gizartearen itzal guztiak jartzen ditugun lekua». Isa Duque psikologo eta sexologoaren irudiko, horrela tratatzen ditu gizarteak Z belaunaldiko gazte eta nerabeak. Oldarraldi erreakzionarioaren barnean, belaunaldi hori aitzinekoak baino matxistagoa, bortitzagoa edo kontserbadoreagoa den ideia zabaltzen hasia da jada; eta mutil gazteek eduki anitz kontsumitzen dutela manosfera deituriko esparru digitalean —misoginian eta antifeminismoan oinarritutako foro, webgune eta edukien multzoa—. Duqueren irudiko, hori ez da zuzena: «Badago gazteen ehuneko txiki bat eduki mota hori kontsumitzen duena. Halere, Z belaunaldia da, orokorrean, matxismoa identifikatzeko gaitasunik handiena duena, edozein eraso matxista edo LGTBIfobo salatzen duena eta aniztasuna onartzen duena».

Duquerekin bat etorri da Eider Goiburu sexu hezitzailea, eta gehitu du gizartean aldaketak egon direla eta horregatik ideiak polarizatu direla: «Batetik, mugimendu feministak aurrerapauso handiak eman dituelako, eta horrek erreakzioak sortu dituelako; eta bestetik, ultraeskuina zenbait esparru hartzen ari delako, eta bere diskurtsoak zabaltzen». Uste du horren aurka egiteko nerabeak seinalatu ez baizik eta entzun behar direla: «Bestela, helduon lekutik egiten ditugu interpretazioak, epaiak eta esku hartzeak». Galdera bat egin du Duquek: «Nolakoak ginen gu 15 edo 17 urterekin?». Urteak bete ahala heldukeria nagusitzen dela uste du, eta jendeari ahazten zaiola gazteenen lekuan jartzea: «Ikasi behar dugu nerabeen unibertsoari xamurtasunez begiratzen».

Biek ala biek nerabeekin, gurasoekin eta hezitzaileekin egiten dute lan, sexu hezkuntzan, eta uste dute helduek bidelagun izan behar dutela, ez epaile. Sare sozialak aipatu ditu Goiburuk: «Sexualitate eredu oso matxista batek leku handia hartu du sare sozialetan, eta duela urte batzuk baino askoz oihartzun handiagoa du. Baina, aldi berean, komunitate birtualak babesgune dira jende askorentzat, lekua eta arnasa ematen baitiete hegemoniatik at dauden sexualitateei».

«Sexualitate eredu oso matxista batek leku handia hartu du sare sozialetan, eta duela urte batzuk baino askoz oihartzun handiagoa du. Baina, aldi berean, komunitate birtualak babesgune dira jende askorentzat»

EIDER GOIBURU Sexu hezitzailea

Duquek gehitu du sare sozialak errealitatetik «ihes egiteko» esparru bat direla nerabeentzat: «2008ko krisi ekonomikoaren garaian jaiotakoak dira, familia anitz prekaritatera eraman zituen aldian; koronabirusaren pandemia bizi izan dute; gerra testuinguru batean hazi dira, psikopata hutsak diren agintariak boterean daudela: Ukrainako gerra eta Palestinako genozidioa telebistan ikusi dituzte egunero; krisi ekosozialaren ondorioak jasaten ari dira, baita guztia irensten ari den sistema kapitalista basatia ere». Finean, nerabeak «ziurgabe» bizi direla uste du Duquek, eta horrek indibidualtasunera bultzatu dituela.

Desioaren bidez

Horren harira, Duquek iritzi dio hezitzaileek «desioaren» bidez interpelatu behar dituztela gazte horiek. Izan ere, irakasle batek edo tailer bat ematen duen norbaitek nerabe horiek seinalatu eta gaizki egiten duten hori nabarmendu besterik ez badu egiten, ez du deus ere lortuko, Duqueren hitzetan. «Ezin diegu behin eta berriz teoria bera esplikatu. Garrantzitsua da indarkeria matxista zer den azaltzea, baina, horrekin batera, interesatzen zaizkien gaiak identifikatu behar ditugu, eta horiek lantzeko esparru seguruak sortu», gehitu du. 

Urte anitz daramatza nerabeekin eta gurasoekin lanean, eta gazteen zalantzak entzun behar direla dio: «Ikusi dut zalantza anitz dituztela sexu hezkuntzari eta orokorrean harremanei buruz, eta erantzun egin behar dira, deserosoak izan arren. Zergatik? Bestela sare sozialetan edo Interneten bilatuko baitute erantzuna, eta manosferako sedukzioaren guruekin topo eginen dute».

«Ikusi dut zalantza anitz dituztela sexu hezkuntzari eta orokorrean harremanei buruz, eta erantzun egin behar dira, deserosoak izan arren»

ISA DUQUE Sexologoa eta psikologoa

Ados dago Goiburu, eta nabarmendu du beharrezkoa dela hezitzaileek autokritika egitea: «Pedagogia feministetan aritzen garen hainbat eragilek hausnarketa prozesu bat egin dugu, eta konturatu gara gai horiei buruzko zerbait egiten denean diskurtsotik abiatuz egiten dugula lan. Hau da, alderdi arrazionala asko lantzen dugu, baina arlo emozionalean ez dugu lanketa sakonik egiten». 

«Sedukzioaren guruak», ordea, emozioetan oinarrituz solastatzen dira, Duqueren arabera, eta nerabeei errazagoa egiten zaie haiekin identifikatzea: «Ez naiz datuen defendatzaile sutsua; ikasgeletan ikusten dudan horri buruz mintzatzea gustatzen zait, esperientziez aritzea. Baina badirudi datuez hitz egiten ez badugu ez garela objektiboak: bada, nerabe eta gazteen artean ugaritzen ari dira buruko nahasmenduak, gero eta gehiago dira bere buruaz beste egitea pentsatzen dutenak, eta berandu arte ez dute aukerarik izanen gurasoen etxetik ateratzeko». Iruditzen zaio gizarte gisa errealitate horri erreparatu behar zaiola, heldukeriak alde batera utzi eta belaunaldi horien lekuan jarrita. 

«Antzinako Greziatik sistematikoki errepikatzen ditugu gazte eta nerabeei buruzko mezuak: ez dietela errespeturik helduei, ez dutela hezkuntzarik, eta orain arteko belaunaldi okerrena dugula aurrean», azaldu du. Pentsamendu horrek ez du eraldaketarako lekurik uzten, Duqueren aburuz. Kontrara, seinalatze horrek urrundu egiten ditu nerabe anitz, eta polarizaziorako joera handitu egiten da. 

Norberarengandik hasita

Hain zuzen, Goiburuk uste du hezitzaileek berek ere egin behar dituztela lanketak: «Adibidez, sexualitateaz edo beste erotika eredu batzuez hitz egiteko orduan lotsa sentitzen baldin badut, gorri-gorri jartzen banaiz eta gorputzean urduritasuna nabari bazait, nahiko kontraesankorra izango da kontua; gaiaz mintzatzeko, norbere emozioak identifikatu behar dira, eta horien arabera jokabideak aldatu». Horretarako, baina, baliabideak behar dira: hala materialak nola pertsonalak, eta, gehienetan, hori ez da hezitzaileen esku egoten. Kontrara, irakasle anitzek beren borondatez landu behar izaten dituzte zenbait eduki, sistemak ez dielako baliabiderik ematen. Eta hor dago erronketako bat.

Sexualitateari buruz solastatzeko orduan, adibidez, hezitzaileak eta oro har hezkuntza komunitatea «arduratuta» daude, Goibururen arabera, eta horri buruz mintzatzeko baliabide material gutxi dute. Ez hori bakarrik: «Beldurra ere badago. Ez gaude duela 50 urte bezala, baina kostatzen da gai batzuez hitz egitea, hezitzaileei ere lotsa ematen baitie». Duque kritikoago mintzatu da: «Sexu hezkuntza integrala eta kalitatezkoa behar dugu, eta gero eta zailagoa da hori egitea. Izan ere, hezitzaile batzuk gerrara joanen balira bezala iristen dira ikasgeletara, eta jarrera horrek ez du inolako mesederik egiten gaia lantzeko orduan. Ez baduzu esaten nerabeek dena gaizki egiten dutela besterik, edo erreferente txarrak dituztela, nekez konektatuko duzu haiekin».

«Ez baduzu esaten nerabeek dena gaizki egiten dutela besterik, edo erreferente txarrak dituztela, nekez konektatuko duzu haiekin»

ISA DUQUE Sexologoa eta psikologoa

Duquek uste du nerabeak «homogeneizatzera» jo ohi dela anitzetan, «baina nerabezaro mota anitz daude, eta gai izan behar dugu nerabe guztiak entzun eta laguntzeko». Hain zuzen, hegemoniatik at dauden erotikak landu ohi ditu Goiburuk ikasleekin, eta esperientzia «oso positiboa» dela dio. «Horri buruzko material eta informazio iturri oso gutxi daudenez, ikasgeletara eramatean askapen moduko bat nabaritu izan dut nerabe askorengan». Horrekin batera, bertze mezu bat ere helarazi diote nerabeek: «Sexualitatearen gaia jorratzean, prebentzioan eta gorputzaren aldaketetan jarri ohi da arreta, alderdi negatiboa erdigunean jarrita; helduoi horrek kezkatzen baikaitu. Plazeraren eta desioaren gaiaz ez dugu hitz egiten, baina ikusi dut hori lantzea ere oso aberasgarria dela». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.