Zabalgana auzoan familia bat etxegabetu dutela salatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak

Familia ugaria da etxegabetu dutena: adin nagusiko bikote bat —haietako bat gaixorik dago—, haien semea eta haren bikotekidea, eta azken horien seme-alabak. Atzo goizean egin zuten etxegabetzea, Zabalgana auzoko Veleia kalean.

Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak, duela bi asteko Salburuko etxegabetzean. RAUL BOGAJO / FOKU
Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak, duela bi asteko Salburuko etxegabetzean. RAUL BOGAJO / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko maiatzaren 8a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alokabidek indarkeria matxista jasandako emakume bat eta haren bi alabak etxegabetu zituen duela bi aste Salburua auzoan. Bada, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du Alokabidek berak atzo goizean beste familia bat etxegabetu zuela Gasteizen, Zabalgana auzoko Veleia kaleko 73. zenbakian, hain zuzen ere. Azaldu dute etxegabetutakoa familia ugaria dela: adin nagusiko bi pertsona —haietako bat eri da—, haien semea eta horren bikotekidea, eta azken horien seme-alabak. Eta, horrez gain, adierazi dute bigarren aldiz etxegabetu dutela familia hori. Azaldu dutenez, bigarren etxegabetzearen aurrean, familia sindikatuarekin harremanetan ipini zen, baina ezin izan dute etxegabetzea eragotzi: «Bide judiziala agortuta eta etxegabetzeen moratoria indarrean ez zegoenez, kale gorrian geratu ziren atzo». 

Sindikatua argi mintzatu da azken bi asteetan gertatutakoez: «Instituzio publikoek etxegabetzeak eginarazten dituzte, edozein jabe pribatuk bezalaxe». Izan ere, aipatutako bi etxegabetzeetako etxebizitzak Alokabide programaren barnean daude. Eta sindikatuak gogor kritikatu du Eusko Jaurlaritzaren menpeko sozietate publikoa: «Etxebizitza publikoek ez dute ezer sozialik; kontrara, merkatuaren logikaren arabera jarduten du». Bestalde, etxegabetzeen moratoria bertan behera geratu izana ere salatu dute: «Azken hilabeteetan neurri horrekin gora eta behera ibili eta milaka familiaren egonkortasunarekin jolastu ondoren, politikari profesionalek neurria ez luzatzea erabaki dute». Eta iragarri dute neurri hori luzatu ez izanaren ondorioz familia gehiago geratuko direla kale gorrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA