Emakume bat eta haren bi alaba adingabe etxegabetu dituzte Gasteizen

Gaur eguerdian etxegabetu dituzte, Salburua auzoan. Indarkeria matxista jasan duen emakume bat eta bi adingabe bota dituzte etxetik, «bizitoki alternatiborik gabe». Etxebizitza Sindikatu Sozialistak egindako protestan bost lagun identifikatu dituzte.

Gasteizko Salburua auzoan etxegabetu duten emakumeak bizilagunen babesa jas du. RAUL BOGAJO / FOKU
Gasteizko Salburua auzoan etxegabetu duten emakumeak bizilagunen babesa jaso du. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko apirilaren 24a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alokabidek indarkeria matxista pairatutako emakume bat eta haren bi alaba adingabeak —8 urtekoa bata, eta 14koa bestea— etxegabetu ditu gaur eguerdian Gasteizen. Salburua auzoko Toni Morrison kaleko 24. zenbakian bizi ziren hirurak —Eusko Jaurlaritzaren menpeko Alokabide sozietate publikoak kudeatutako etxebizitza batean—, eta etxegabetze agindua betetzeko erabakia hartua zuen emakumeak. 12:30ak aldera, segizio judiziala eta Polizia familiaren etxera sartu dira, eta handik hiru ordu laurden eskasera kale gorrian zen familia, «bizitoki alternatiborik gabe», Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez.

Etxebizitza Sindikatuak ordu laurden lehenagorako deitua zuen protestara, 12:15erako, emakumeari eta adingabekoei babesa emateko. Eta halakoetan izaten den moduan, kalea lehenagotik hesitua zuten Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak, bidea ixteko asmoz etxetik bota nahi dituztenei laguntzera eta babesa ematera joandakoei. Poliziak alderik alde hartu du kalea, eta oinezkoentzako ere itxi dituzte sarbide guztiak; eraikineko bizilagunei baino ez diete utzi pasatzen. Hainbat polizia ikusi dira, halaber, etxegabetu duten familiaren ondoko etxebizitzetako leihoetatik begira, inguruak zelatatzen.

Poliziak jarritako hesiaren bestaldean, eta sindikatuak deituta, dozenaka lagun bildu dira etxegabetzea salatzeko. Alokabideren eta Poliziaren aurkako oihuak etengabe entzun dira, eta tentsio uneak izan dira protesta egitera joandakoen eta ertzainen artean. Are, Ertzaintzak sindikatuko bost lagun identifikatu ditu, elkarretaratzea aurrez jakinarazi gabe zegoela argudiatuta. Karla Pisano sindikatuko ordezkariak uko egin dio identifikatzeari, eta Poliziak indarrez eraman du hesiaren bestaldera; han identifikatu egin dute, eta ondoren aske utzi.

ETXEGABETZEa Gasteizen
Etxebizitza Sindikatuko kideen protesta Ertzaintzaren aurrean. RAUL BOGAJO / FOKU

Etxegabetzean, emakumea eta hari babesa ematera joandako sindikatuko bi kide izan dira etxe barruan. «Oso gogorra izan da», azaldu du Javier Etxabarri sindikatuko kideak, hunkituta, handik atera denean. Kontatu duenez, 12:30ak pasatxo zirenean iritsi dira udaltzainak etxe atarira, behatxuloa tapatu eta «zakar» jo dute atea. «Burua estalita eta armatuta sartu dira barrura, eta elkarrengandik banatu gaituzte», esplikatu du. Hainbat kutxa etxetik jaisten lagundu diote gazteek emakumeari: telebista bat, arropa, jostailu gutxi batzuk, erosketarako orga... «Injustizia izugarria da emakume bat eta haren bi alaba kalean geratzea», esan du, negar malkotan. Handik minutu batzuetara jaitsi da emakumea kalera, bildutakoen txalo artean. Hainbat bizilagun ere gerturatu dira protestara, eta hunkituta besarkatu dute emakumea.

Etxebizitza Sindikatuaren arabera, kasu honek agerian uzten du instituzio publikoek jarrera desegokia dutela familia zaurgarriekin. Salatu duenez, etxebizitza publikoaren kudeaketan ere «jabe pribatuen logika bera» erabiltzen ari dira, errentagarritasuna lehenesten baitute herritarren ongizatearen gainetik.

Alokabideren «ohiko praktika»

Kasuak kutsu bereziki larria du kontuan hartuta emakumeak indarkeria matxista jasan duela. Hala ere, ez du laguntza eraginkorrik jaso, sindikatuaren arabera: ez etxebizitza alorrean, ezta laguntza ekonomikoetan ere. Are, sindikatuko kideek adierazi dute gizarte zerbitzuek oraindik ez diotela inolako bizitoki alternatiborik eskaini familiari. 

Gainera, etxegabetzea bikotekide ohiak eragindako zorren ondorio da, eta horrek, sindikatuaren ustez, «babesgabetasun eta injustizia egoera» areagotzen du. Haien hitzetan, halako egoeretan instituzioak «ez dira soilik erantzuteko gai ez diren eragileak, egiturazko indarkeria horren konplize zuzenak» ere badira.

ETXEGABETZEa Gasteizen
Sindikatuko kideek pankarta paratu dute etxegabetutako familiaren etxeko leihoan. RAUL BOGAJO / FOKU

Ez da lehen aldia Alokabidek familiak etxegabetzen dituena, eta, Gasteizko kasuaren antzeko baldintzetan, hau da, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak izanik. «Ohiko praktika dute», salatu dute. Sindikatuko kideek jakinarazi dutenez, Alokabidek zera argudiatu du neurria hartzeko: familiak diru sarrera aski zituela pilatutako zorra pagatzeko —4.000 eurokoa dela dio—, eta hura kitatzeko luzamendu gehiagorako eskubiderik ez duela. Hemendik aurrera, beraz, gizarte zerbitzuek eskaintzen dituzten lekuetan ostatu hartu beste aukerarik ez dute emakumeak eta adingabekoek; gehienetan, hiriko ostatu bat edo logelaren bat izaten da.

Haserre mintzatu da Ixone Santamaria sindikatuko kidea Alokabideren datuak gogora ekarrita: «2024an 34 etxegabetze prozedura abiatu zituen Araban, eta hamalau gauzatu zituen. Gaurkoa, beraz, joera horren beste adibide bat da». Are gehiago, sindikatuak kontraesan nabarmena ikusten du instituzioen diskurtsoaren eta praktikaren artean. Izan ere, duela gutxi aurkeztu zituzten Salburuan 225 etxebizitza berri, baina, aldi berean, handik metro gutxira familia bat kalean utzi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA