Zabalgarbi ezin dela grebagatik geratu ebatzi du epaileak, kaltea lekarkeelakoan

Iazko lanuzte baterako agindutako gutxieneko zerbitzuak bidezkotzat hartu ditu auzitegiak, salaketa bat baztertuta

Erredakzioa
Bilbo
2011ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Greba egunetan gutxieneko zerbitzuak behar dituela Zabalgarbi errauste plantak (Alonsotegi, Bizkaia), hala erabaki du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Iazko apirilean egindako grebaren harira, salaketa jarri zuten sindikatuek, gutxieneko zerbitzuek lanuzterako eskubidearen aurka egin zutelakoan. Epaileak atzera bota du salaketa, eta beharrezko jo du gutxienekoak ezartzea. Hala ez egitekotan ingurumenean eta pertsonen osasunean kalteak sortuko liratekeela esan du.

Lan itunaren harira izan zituzten iaz ika-mikak Zabalgarbiko langileek eta enpresa kudeatzaileak. Grebaren berri izanda, gutxieneko zerbitzuak agindu zituen Eusko Jaurlaritzak, erraustea oinarrizkoa delakoan. Sindikatuek, ordea, ez zituzten bidezko jo; argudiatu zuten geldialdi teknikoak egiten dituztenean-eta zabortegira bidaltzen dituztela hondakinak, eta berdin egin beharko luketela greba egunetan ere.

Ezetz erabaki du epaileak: «Gauza bat da saihestezina izatea hondakinak zabortegira igortzea errauste planta beharrezko geldialdi teknikoan dagoenean, eta beste bat, oso diferentea, hortik ondorioztatzea horrek ez dakarrela kalterik ingurumenaren eta osasun publikoaren ikuspegitik». Ur eta argi hornidurekin alderatu du auzitegiak errauste planta, gutxieneko zerbitzuak zuritzeko.

ELAk jo zuen auzitara. Haren arabera, Zabalgarbi geratzeak ez luke kalterik sortuko. Grebarako eskubidea urratu zietelakoan, langile bakoitzarentzat 18.000 euroko ordaina eskatu zuen ELAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.