Zabaltzen. Hori da NaBaiko independenteek osatu berri duten elkartea. Atzo egin zuten talde berria eratzeko batzarra, Burlatan (Nafarroa). Estatutuak eta behin-behineko zuzendaritza batzordeko kideak onartu zituzten, bai eta elkarteak defendatu nahi dituen ideia nagusiak jasotzen dituen manifestua ere. Koldo Martinezek irakurri zuen testua, eta ahobatez onartu zuten Zabaltzeneko kideek. Martinez bera, Uxue Barkos, Jose Luis Mendoza, Ana Ansa eta Jose Miguel Ganboa dira behin-behineko zuzendaritza batzordean, bertzeak bertze.
Lau puntuko agiria da NaBaiko independenteek onartutakoa: batetik, Nafarroa subjektu politikotzat jotzen dute Zabaltzeneko kideek. Bigarrenik, Nafarroa Bai ezinbertzekotzat jotzen dute, koalizio hori delako, haien ustez, «aldaketa politikoa lortzeko gaitasun handiena duena».
Hirugarren puntuak erantzukizuna aipatzen du, «Madrilen politika zintzo eta arduratsua garatzeko». Bakearen eta normalizazioaren esparruan, «jasandako bortizkeriaren biktima guztiak onartzea» azpimarratzen du manifestuak. Azkenik, elkarbizitzaren alde egiten du laugarren puntuak, eta, ildo horretan, deia egiten die «aldaketa politikoaren alde egiten duten indar guztieiproiektu honekin bat egiteko».
Ehundik gora lagunek parte hartu zuten atzoko bileran.
Zabaltzen taldea osatu dute NaBaiko independenteek
«Ezinbertzekotzat»jo du elkarte berriak NaBai, «aldaketa lortzeko gaitasun gehien duena delako»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu