Ezbehar larria gertatu da gaur arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean, Nabarreria kalean: lanean zebilen zabor bilketako kamioi batek zenbait lagun harrapatu ditu Los Burgos tabernaren parean. Haietako bat hil egin da, eta gutxienez lau zauritu dira, bi larri.
Iruñeko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, ibilgailuak matxura izan du balaztatze sisteman, eta kontrola galdu du gidariak.
Istripua 15:30 pasatxo zirela gertatu da, eta Udaltzaingoak eta Foruzaingoak ingurua hustu eta hesitu dute iritsitakoan. Suhiltzaileak bertaratu dira, baita anbulantzia bat ere, biktimak artatzeko. Larri zauritutako biak Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dituzte, eta zainketa intentsiboetako unitatean daude. 38 urteko emakume bat eta 30 urteko beste bat dira. Antsietate krisiak izan dituzten hainbat lagun ere artatu dituzte osasun langileek.

Garabi bat ere eraman dute kamioia mugitzeko, hainbat pertsona harrapatuta geratu baitira istripuaren ondorioz.
Lekukoen arabera, jende ugari zebilen kale horretan, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean izandako manifestazioaren ostean.