Zahar etxeen eredu berri bat proposatu dute, bizikidetza unitate txikiagoekin

Hamabost pertsona inguruko unitateak ezarriko dituzte. Gipuzkoako Senideak-ek salatu du ezin direla ezkutatu sistemaren «gabezia larriak»

Olano eta Peña, Gipuzkoako zahar etxeen eredu berriaren aurkezpenean. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA.
Oihane Puertas Ramirez.
Donostia
2022ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Gipuzkoako zahar etxeetan egoitza eredu berria ezarriko du Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz-en eta Gipuzkoa 2020-2030 Agendaren barruan. Ereduak egoiliarren arretan eta ongizatean izango du eragina, eta hiru oinarri nagusi izango ditu ardatz: pertsona erdigunean kokatzea, komunitatearekin harremana lantzea eta arretaren inguruko berrikuntzak lantzea.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Maite PeñaGizarte Gaietako diputatuak atzo aurkeztu zuten egitasmoa, Donostian eginiko agerraldi batean. Azaldu zutenez, zaintza eredu berrirako trantsizioa egiteak «erabateko lehentasuna» du aldundiarentzat, eta «zaintzaren abangoardian» kokatuko du lurraldea.

Olanok nabarmendu zuenez, garrantzitsua izango da egoiliarrek «etxean» daudela sentitzea, eta ez «ospitalean». Horretarako, besteak beste, bizikidetza unitate txikiagoetan biziko dira: hamabost pertsona inguruko komunitateak ezarriko dituzte, egoiliar gehienak banakako geletan biziko dira, eta gune irekiagoak eta komunitateari lotuagoak izango dituzte. Arreta pertsonalizatuagoa ere jasoko dute egoiliarrek.

Hori lortzeko, «laguntza tekniko berritzailea» eta ekipamendua erosteaz gain, zahar etxeen arkitektura ere egokituko dute. Eredu berria Gipuzkoako 25 zentrotan ezarriko dute, eta, horretarako, aldundiak COVID-19 funtsetatik ateratako 20 milioi euro erabiliko ditu. Eusko Jaurlaritzaren bidez jasotako funtsak dira horiek, eta Aldundiak guztira 37,8 milioi euro jaso zituen urte hasieran. Adierazi zutenez, lan guztiak 2023a amaitu baino lehen egitea aurreikusten dute.

Peñak adierazi duenez, egoitzen aldaketa sistemikoak ez du espazio fisikoa egokitu bakarrik egingo: «Eraldaketa askoz haratago doa». Besteak beste, arreta, zaintzaren kalitatea, langileen prestakuntza eta egoitzetan «ikuspegi berritzailea» ezartzea hartuko dira kontuan. Horrela, adierazi zuen integraltasunak «garrantzi berezia» duela eredu berrian.

Abian jartzeko garaia

Diputatu nagusiak azaldu zuenez, duela zazpi urte baino gehiago hasi ziren etorkizuneko zaintza ereduari buruz hausnartzen eta sistemaren aldaketa lantzen. Horrela, adierazi zuen eredu berria aplikatzea «jauzi erabakigarria» izango dela Gipuzkoa 2016. urtetik lantzen ari den eraldaketan.

Olanoren arabera, fase esperimental bat eta azterketa fase bat egin dituzte gaur egunera arte. Hori horrela, egoitzen eredu berria «inplementazio fasera» igaroko da orain.

Izan ere, Gizarte Politiketako Departamentuak sei egoitza berri abiatzeko sei proiektu ditu martxan dagoeneko, baita beste hiru egoitza handitzeko proiektuak ere. Beraz, bederatzi egoitzatan eredu berria ezartzeko lanak abian daude. Sistema aldaketara bideratuko diren 20 milioi euroekin beste hamasei egoitzatan egingo dira egokitzapenak. Horrela, beraz, guztira Gipuzkoako 25 zahar etxetan ezarriko da eredu berria. Etorkizunera begira, baina, helburua da lurraldeko «adinekoen egoitza sare osoa pixkanaka egokitzea».

«Gabezia larriak» agerian

Peñak eta Olanok aurkeztutako zahar etxeen eredu berria «positibotzat» hartu zuen Gipuzkoako Senideak egoitzetako erabiltzaileen eta haien senideen elkarteak. Hala ere, nabarmendu zuen ezin direla ezkutatu Gipuzkoako zaintza sistemak gaur egun dituen «gabezia larriak».

Horrez gain, salatu zuen eredu berria diseinatzeko orduan ez dela «inoiz» elkartearen iritzirik edo parte hartzerik jaso, hori «behin eta berriz» eskatu duten arren. Izan ere, plataformaren ustez, zaintza ereduaren aldaketak «eztabaida eta adostasun zabala» edukitzea eskatzen du, eta, horien artean, kontuan hartu beharko lirateke senideak eta erabiltzaileak, ez «elitea bakarrik». Horrela, adierazi zuen senideen eta erabiltzaileen elkarteak parte hartzeko duen eskubidea «erabat urratu» dutela.

Elkarteak gaineratu zuenez, adinekoen egoitzetan ez ezik, Zaintza HerriLab estrategian ere ez da Gipuzkoako Senideak-enparte hartzea kontuan hartu. Peñak joan den astean aurkeztu zuen proiektua, Pasaian, Gipuzkoa 2020-2030 Agendaren barruan.

HerriLabek adinekoen etxeko zaintzan jartzen du arreta, etazaintza «ekosistema lokalak» garatzea du helburu. Izan ere, Peñak azaldu zuenez, hamar adinekotik zortzik «etxean bizitzen jarraitu nahi dute». HerriLab estrategiak, beraz, pertsona horiei etxeko zaintza bermatuko lieke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.