«Gero eta jende gutxiago bizi da landa eremuan, eta laster batean baserri guztiak eroriko dira», entzun ohi da maiz herritarren artean; baserriek zaintza behar dutela, baserriari denbora eskaini behar zaiola diote baserritar askok. Hala ere, zenbaitetan, baserriak goitik behera eraisten dituzte egoera onean egon arren: abiadura handiko trena bertatik pasatuko delako, urtegi bat sortu nahi dutelako, errepide bat egin nahi dutelako... baserriak botatzen dituzte lursailak erabiltzearen truke.
Bada, Donostiako Martutene auzoko baserri baten desjabetzean oinarrituta eraiki du Xabi Alonso futbolari ohi eta entrenatzaileak luxuzko txalet bat Igeldon. Abiadura handiko trenaren Hernani-Astigarraga (Gipuzkoa) zatiko obrak zirela eta, desjabetu egin zuten Goiatz-Berri izeneko baserria. Baserriaren jatorrizko jabeak Xabi Alonsoren emaztearen sozietate bati saldu zion baserria berreraikitzeko lizentzia, eta futbolari ohiaren familiak erabaki zuen desjabetutako baserria Igeldon berreraikitzea.
Legeak zer dioen
Hainbat legedik eta arauk baldintzatzen dute baserri bakoitzaren berreraikitze prozesua, baina, funtsean, Eusko Legebiltzarrak 2006an onartutako Lurzoruaren Legeari erreparatu behar zaio berreraikitzeko garaian. Hala zehaztu du Javier Olaberrik, Alonsoren txaletaren kontrako elkarteak ordezkatu eta lagundu dituen abokatuak.
Olaberrik azaldu du legeak, orokorrean, ez duela uzten landa eremuan etxerik eraikitzen: «Lehenik eta behin, funtsezkoa da jakitea orokorrean landa eremuan ezin dela ezer berririk eraiki. Hori da Lurzoruaren Legearen filosofia nagusia 2006tik hona. Lehen ez zen hala gertatzen».
Jesus Landia arkitektoa da, eta baserri zaharrak berreraikitzeaz arduratzen da maiz. Arkitektoaren iritziz, lurzoruaren sailkapena kontsultatzea da garrantzitsuena: «Horren arabera jakingo dugu zer eraikuntza baimentzen diren lurzoru mota horretan».
«Ezin da eraikina zortzi kilometro urrutiago berreraiki lekua politagoa delako. Legea ez zen horretarako egin».
Javier OlaberriAbokatua
Landa lurzoruan onartzen diren eraikuntza nagusien zerrendaren berri eman du Landiak: «Jarduera ekonomiko bati —abeltzaintza eta nekazaritza adibidez— lotutako etxebizitzak, handitzerik gabeko baserrien birgaitzeak edota lurzoruaren jarduera ekonomikoarekin lotutako eraikinak».
Hala ere, abokatuaren esanetan, badaude legean hainbat salbuespen. Alde batetik, baserri bat berreraikitzeko aukera dago betiere bere «egitura identifikatzeko moduan baldin badago»; beste alde batetik, Olaberrik azaldu du aukera dagoela baserria berriro ere beste toki batean berreraikitzeko, betiere, indarrez desjabetzen denean: «Legeak dio baserria jada ez daukazun arren, berreraiki dezakezula; landa lurretan izan behar du, eta lehen zegoen tokiaren inguruan».
EAE-ko LURZORUAREN lEGEA, 30. ARTIKULUA
Baserriak berreraikitzeko baimena, soilik, baserritzat jotzeko modua ematen duen egitura eraikia gordetzen dutenean emango da. Eraikinen murruen hondarrak ezin izango dira inoiz ere berreraiki, ez baldin badira jatorrizkoen gailurrera iristen; eta, oro har, jatorrizko higiezinaren oina jakiteko modurik ematen ez duten hondarrak ere ez, eta ezta jatorrizko higiezin horren jatorrizko bolumetria jakiteko modurik ematen ez dutenak ere.
Dena den, lurzoru urbanizaezinean baserriak eta bizitegi-eraikinak berreraikitzeko baimena eman ahal izango da, horiek ustekabeagatik edo halabeharragatik geratu direnean baliaezin, baldin eta hori behar bezala egiaztatzen bada; eta sistema orokorrak ezarri behar zirela-eta jabetza kentzeko prozedura bategatik eraitsi direnean ere bai. Berreraiki nahi duenak udal-administrazioari egin beharko dio eskaera, baliaezin geratzea eragin zuen arrazoia gertatu zenetik kontatzen hasita urtebeteko epearen barruan edo, hala badagokio, ondasunak jabetza kentzeko prozeduraren barruan benetan okupatu zirenetik kontatzen hasita. Jabetza kentzearen kasu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin beharreko berreraikitzea babes berezirik ez duen lurzoruan egingo da.
Berreraikitze-obrak errespetatu egin beharko du beti, gehienezko muga gisara, jatorrizko higiezinaren benetako bolumetria-konposizioa.
Baserriak berreraikitzeko obretarako baimena emateko, beharrezkoa izango da:
Proiektua jendaurrean erakusgai edukitzea, gutxienez 20 egunez.
Berreraikitzea ustekabeagatik, halabeharragatik edo jabetza kentzeko okupazioagatik egin behar bada, bidezko diren txostenak eskatu beharko zaizkie esku hartu duten organismo eta erakundeei edo berreraikitzeko baimena ematea zilegi egiten duten gertaerak eta inguruabarrak ezagutzen dituzten organismo eta erakundeei.
Landa lurzoruan eraikitzeko salbuespenez gehiago jakiteko, Landiaren esanetan, beharrezkoa da udal bakoitzaren legediari ere adi erreparatzea: «Udal bakoitzak eskumena du arau gehigarriak ezartzeko Lurzoruaren Legea oinarri hartuta. Eskualde batzuk beste batzuk baino zorrotzagoak izaten dira».
Xabi Alonsoren txaletari garajea eta igerilekua gehitu dizkiote. Horretaz gain, metro koadroak kontuan hartuta, Igeldoko txaleta handiagoa da Martutene auzoko baserriaren aldean. Olaberrik gaineratu du Donostiako Udalak legea aldatu egin duela «Xabi Alonsori gehigarri horiek guztiak egiten uzteko».
Landia arkitektoak azaldu du hainbat udalek aukera ematen dutela, adibidez, igerileku edo garaje gehigarri bat eraikitzeko; beste batzuek, berriz, oso zorrotz jokatzen dutela jakinarazi du: «Ezin da lursailaren metro koadro bat gehiago ere erabili».
Oso zehaztuta ez badago ere, baserria berreraikitzean hurbiltasun eta baliokidetasun printzipioak hartu behar dira kontuan; hori dio Olaberri abokatuak: «Ezin da eraikina zortzi kilometro urrutiago berreraiki lekua politagoa delako. Legea ez zen horretarako egin».
Teoriatik praktikara
Baserria berreraikitzen hasi gabe, hainbat etxe berri ikusi ohi dira landa lurzoruetan, baita kostatik oso gertu dauden lursailetan ere; luxuzko etxeak izaten dira gehienetan. 80ko eta 90eko hamarkadatik hona asko finkatu da legea, Iban Ortuzar Ekologistak Martxan-eko Bizkaiko kideak dioenez. Hala ere, Ortuzarrek salatu du legeak ez duela dena bermatzen: «Sopelan, Getxon, Leioan [Bizkaia]... etxebizitza asko eraikitzen dira gu konturatu gabe. Eraikita daude gu ikertzen hasterako. Legea, egon, badago, baina batzuentzat».
«Guk oso gutxitan ikusi dugu legea ez dela bete; kasu gehienetan, foru aldundiek eta udalek aldatu egiten dituzte legeak gu konturatzerako».
Iban OrtuzarEkologistak Martxan-eko kidea
Ortuzarrek Barrikako (Bizkaia) Barrikabaso auzia ekarri du gogora. Barrikako Udalak 350 etxebizitza inguru eraiki nahi zituen Barrikabaso lursail babestuan —14 etxebizitza eraiki zituen azkenean—. Hainbat talde ekologistak —tartean Ekologistak Martxan—, Txipio Bai buru zela, bertako egoera salatu zuten, eta akordio batera iritsi ziren udalarekin etxebizitza gehiago ez egiteko. Trukean, eraikitako etxebizitzak ez ziren eraitsi. Ortuzarrek salatu du kasu horretan hasiera-hasieratik legea aplikatuz gero ez zituztela etxeak eraikiko. Gainera, auzia irabazita, «eraitsi egin beharko lirateke» Barrikabason eraikitako etxe guztiak.
Olaberrik zehaztu du baserrien berreraikuntzei buruzko epai guztiak erori gabeko baserriak berreraikitzean gertatu ohi direla, eta Eusko Jaurlaritzaren Plan Orokorraren babesean lizentziak eskatu zituen jendeak egin zituela arau hauste gehienak. Plan hori Lurzoruaren Legea baino zaharragoa da, 2000. urtekoa. Abokatuak adibide bat eman du hobeto ulertze aldera: «2008an berreraikitzeko lizentzia eskatu zuenak 2000. urteko planari eutsi zion, 2006ko Lurzoruren Legea indarrean bazegoen ere. Plan Orokorraren legea malguagoa zen, bai baserriaren egiturari dagokionez, bai baserriaren inguruan eraiki zitezkeen gehigarriei dagokienez. Egoera horretan, epaileek erabaki behar zuten aurreko plan horri noiz arte eutsiko zitzaion lege berria indarrean egonda».
Hala ere, Olaberriak ez du ezagutzen desjabetutako baserri batean eginiko deliturik. Abokatuaren ustez, ordea, Xabi Alonsok hainbat arau hauste egin ditu: «Baserriaren egiturari ez diote eutsi; kanpoaldean gehigarriak egin dizkiote —igerilekua, garajea...—; metro koadroei dagokienez, askoz ere handiagoa da Igeldon eraikitakoa; txaletaren lursailak ez dauka bertara iristeko biderik... arau hausteen zerrenda luzea dauka Xabi Alonsoren etxeak».
«Korrontearen aurka» borrokan
Ortuzarren iritziz, agintean daudenek oso azkar aldatzen dituzte legeak: «Guk oso gutxitan ikusi dugu legea ez dela bete; kasu gehienetan, foru aldundiek eta udalek aldatu egiten dituzte legeak gu konturatzerako».
Eraikina ilegala denean eraitsi egin beharko dela jakinarazi du Olaberrik, eta horrek bi milioi euroko kostua izaten duela: «Ez du bi milioi euro balio eraisteak: eraispen batean ordaindu beharreko kalte ordainek balio dute bi milioi euro». Alonsoren txaletari dagokionez, Olaberriaren esanetan, eraistea sustatzaileek ordaindu beharko lukete, betiere Donostiako Udalak onartzen badu txaletaren obrak ez duela lizentzia betetzen; udalak lizentzia defendatzen badu, ordea, Donostiako Udalari dagokio eraistearen kostua ordaintzea.
Gero eta herritar gehiagok eskatzen diote Ekologistak Martxan taldeari etxebizitzen arazoari loturiko kasuak auzitara eramateko. Ortuzarrek, ordea, garbi utzi nahi du auzitara eramateak ez duela esan nahi auzia irabazi egingo denik: «Normalean ez dugu, ez prozesua moteltzen, ez debekatzen. Korrontearen aurka ibiltzen gara».
Horrelako «gehiegikeriak» salatzean kasuaren oihartzuna handitzea lortzen dutela gaineratu du Ortuzarrek: «Espero dugu behintzat salaketek bere fruituak ematea etorkizunean».