Zahartzaroa ere izan daiteke feminista

Ondarroako Boga Boga emakumeen taldeak 30 urte bete ditu aurten. Elkartearen ibilbidea biltzen duen dokumental bat grabatu dute: ‘Zahartzaro feministarantz, Boga Boga’. Feministaldian aurkeztuko dute gaur.

Alberdi, Arantzamendi eta Azkarate Boga Boga elkarteko kideak, astelehenean, Ondarroako Etxelila emakumeen etxean. GORKA RUBIO / FOKU
Alberdi, Arantzamendi eta Azkarate Boga Boga elkarteko kideak, astelehenean, Ondarroako Etxelila emakumeen etxean. GORKA RUBIO / FOKU
June Montero
Ondarroa
2025eko azaroaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Taldean ikasi nuen enpatia zer zen, aurretik ez nekien». Boga Boga adineko emakumeen elkartean ikasitakoaz ari da Maria Rosario Azkarate ondarroarra (Bizkaia). Sartu zenean sentitu zuen «poza» soinean darama oraindik. Arrate Alberdi eta Maria Jesus Arantzamendi Boga Bogako kideei begira hitz egiten ari da. Urte askotan borroka, bidaia eta ikasketa lagun izan dira hirurak, eta gerora ezagutu dituzte Udane Barinagarrementeria elkarteko dinamizatzailea eta Mijo Lizarzaburu militante transfeminista. Elkarteari buruzko Zahartzaro feministarantz, Boga Boga dokumentalaren zuzendariak dira azken biak. Lanak elkartearen 30 urteko ibilbidea biltzen du, eta Feministaldian estreinatuko dute gaur, Donostiako Tabakaleran. Ibilbide luze horri erreparatu diote Ondarroako Etxelilan, mahai borobil baten bueltan.

Promocion de la Mujer elkartearen eskutik sortu zen Boga Boga, 1995. urtean. Hala ere, bi elkarteek ez zuten zerikusirik, lehenengoan josten eta kozinatzen irakasten baitzieten. Alberdik eta Azkaratek haustura horretan parte hartu zuten. Arantzamendi beranduago batu zen taldera, eta bi lagunen ausardia loriatu du: «Ahalduntzearen alde egindako urratsa izugarria izan zen, txapela kentzeko moduko emakumeak dira bi hauek».

Lizarzaburu eta Barinagarrementeria, dokumentalaren zuzendariak, astelehenean Etxelilan Ondarroako emakumeen etxean. GORKA RUBIO/ FOKU
Lizarzaburu eta Barinagarrementeria, dokumentalaren zuzendariak, astelehenean, Ondarroako Etxelila emakumeen etxean. GORKA RUBIO / FOKU

30 urtez bizitakoa gogoratzean begiek dir-dir egiten diete: «Eta zer ez dugu egin, neskak?», galdetu du Arantzamendik. «Hasieran, emakume erreferenteen istorioak eskatzen genituen», aipatu du Alberdik, elkartearen lehen pausoen inguruan solasean. Arantzamendik «norbere lekua» aurkitzeko egindako lana du gogoan: «Boga Bogara etorri nintzenean, harritu egin nintzen; uste nuen mundua ezagutzen nuela, baina hemen ikasi nuen zer den enpatia izatea norbere asertibotasuna zainduta». Azkaratek, berriz, nabarmendu du elkarteak irakatsi ziola irakurtzea «ona» zela. Aurretik, etxearen eta «txikien» zaintzak ez zion astirik uzten irakurtzeko.

Eta, hain zuzen ere, hiru emakumeek gogoratzen duten hori guztia biltzen du Barinagarrementeriak eta Lizarzaburuk egindako dokumentalak. Duela hiru urte hasi ziren proiektuarekin. Ikus-entzunezko lanaren protagonistei begira azaldu du Lizarzaburuk zerk bultzatu zuen lana abiatzera: «Bizi guztia eman duzue lanean, eta inork ez dizue txalo egin; dokumental hau egin duzuen borrokaren errekonozimendua da». Eta, azkenik, heldu da estreinaldia: «Orain Tabakaleran egingo dizuete txalo».

Askotariko ekintzak

Zuzendariek eredutzat dituzte Boga Bogako emakumeak. Barinagarrementeriak miresmenez hitz egin die hiru emakumeei. «Gure ametsa da gu biok 70 urte ditugunean Boga Bogan egotea; gure zahartzaroa bizitzeko beste modu bat irakatsi diguzue, eta hori ere badago dokumentalaren atzean». 

Boga Bogan denetarik egin dutela aipatu dute emakumeek. Ahalduntzeko bidean, aholkularien, abokatuen, arkitektoen, sexologoen eta psikologoen irakaspenak jaso dituzte, betiere elkartearen dinamizatzailearen gidaritzapean. «Hasieran, kultura orokorra lantzen ibili ginen, Egiptoko eta Greziako artea; ostean, abokatu batek irakatsi zigun zer eskubide ditugun banaketa batean», azaldu du Arantzamendik. Hala ere, unibertsitatera joateko aukerarik izan ez zuten arren, hirurek aho batez esan dute ez dagoela bizitza baino irakasle hoberik: «Borrokan eman dugu bizitza: lehendabizi diktaduraren kontra, gero emakumeen berdintasuna lortzeko, eta horretan jarraitzen dugu. Bizitza izan da gure unibertsitatea».

Boga Bogaren ekintzak, ordea, ez dira elkartera mugatzen. Ondarroako Udalak hilean behin antolatzen duen kontseiluan ere parte hartzen dute. Han, estereotipoen kontra borrokatzen dira, besteak beste. Arantzamendik hamar urteko eskarmentua du horretan: «Zerbaitekin ados ez bagaude, esan egiten dugu, ez diogu inori mespretxurik onartzen». Barinagarrementeriak argi ikusten du hiru emakumeen jarrerak «buelta» eman diola adinekoak «infantilizatzeko joerari». Emakume nagusien zahartzaroa homogeneizatzeko joerari ere aurre egiten diote. Estereotipo hori gezurtatzen dute elkarteko kideen bizipenek eta askotariko izaerek.

«Borrokan eman dugu bizitza: lehendabizi diktaduraren kontra, gero emakumeen berdintasuna lortzeko, eta horretan jarraitzen dugu. Bizitza izan da gure unibertsitatea»

MARIA JESUS ARANTZAMENDI Boga Boga elkarteko kidea

Elkartean bizikidetza ziurtatzeko neurri batzuk ere badituztela kontatu du Arantzamendik. Adibidez, ez dute erlijioaz edo alderdi politikoez hitz egiten. Ezarrita dute taldean esaten den guztia errespetatu egingo dela, Arantzamendik esplikatu duenez. «Batzuetan nonork bolandera bat botatzen du, eta errespetatu egin behar da».

«Sekulako irakaspena»

Lizarzaburu marxismoaren eta feminismoaren inguruko formazio bat ematera joan zen lehen aldiz Boga Bogara. Elkarteko kideak ezagutu aurretik, gutxietsi egin zituela aitortu die: «Nik pentsatzen nuen ez zenutela ulertuko kontatuko nizuena». Aktibista transfeminista da Lizarzaburu, eta, hasieran, «beldurrez» bertaratu zen Etxelilara: «Ez nuen alferrikako txapa bat eman nahi, eta azalduko nituen kontzeptuak ez ziren errazak». «Arazorik gabe ulertu genuen!», erantzun dio barrez Arantzamendik. Izan ere, Boga Bogan ohikoa bihurtu da gai sakonen inguruko eztabaida, hala nola zer den andrea izatea. «Emakumeak bizitza osorako esklabotza kontratu bat du», azaldu du Alberdik, Lizarzabururen formakuntza gogoan. 

Barinagarrementeriak ere onartu die «beldurragaz» ekin ziola dinamizatzaile lanari: «Ez nuen neure burua zuen gainetik kokatu nahi, eta ez nuen erori nahi nire formazio akademikoaren eta politizazio feministaren transmisio hutsean». Klase magistralen eredua saihesteko, saioak elkarrizketetan eta eztabaidetan oinarritu zituen. «Sortzen diren elkarrizketak oso aberasgarriak dira, leku diferenteetatik bizi dugu feminismoa, baina zuen iritzia entzuteak nire barrua berriz kokatzen laguntzen dit». Azaldu du Boga Bogako kideei esker «borroka eta plazera» uztartzen dituen politika egiteko eredu bat ezagutu duela: «Sekulako irakaspena izan da».

«Gure ametsa da gu biok 70 urte ditugunean Boga Bogan egotea, gure zahartzaroa bizitzeko beste modu bat irakatsi diguzue eta hori ere bada dokumentalaren atzean dagoena»

UDANE BARINAGARREMENTERIA Boga Boga elkarteko dinamizatzailea

Hala ere, Arantzamendik salatu du «ordain bat pagatu» beharra dagoela eremu publikoan borrokan aritzeagatik. Eta bat etorri dira mahaiaren bueltako gainerako kideak ere. Herrian behin baino gehiagotan «babesgabe» sentitu direla esan dute. 

Dokumentalean ere eragina izan du giro horrek, eta, horregatik, elkarrizketatu bati baino gehiagori kosta egin zaio kamera aurrean jartzea. Barinagarrementeriak, ordea, badaki erabakia «sakrifizio» bat dela: «Zuek zarete gorputza jendearen aurrean jartzen duzuenak». Baina Arantzamendik uste du «merezi» duela. «Zeure buruagaz konforme jokatzen baduzu, beste era batean bizi duzu zeure askatasuna». Alberdi eta Azkarate ados agertu dira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.