Gaixotasun sendagaitzak dituzten haur eta nerabeentzako zaintza aringarri pediatrikoaren unitatea, asmo huts beharrean, errealitate bihur dadin eskatzeko elkartu dira gaur dozenaka lagun Usurbilen (Gipuzkoa), Hil Argi elkarteak Gehiago Gara egitasmoaren bueltan antolatutako ekitaldian. Osasungintzari mintzatu zaizkie, baita alor horretan lan egiten duten profesionalei ere, haurren heriotzarekin «erantzukizun osoz eta humanitatez» jardun dezatela eskatzeko. Izan ere, Hil Argi elkarteak gogoratu du hil hurren direnean soilik ez, haur horiek beren bizitzako beste etapa guztietan ere behar-beharrezkoak dituztela zaintza eta arreta.
Hainbat kultur sortzailek bideratu dute ekitaldia. Porrotx eta Marimotots pailazoak aritu dira aurkezle lanetan, eta Ane Labaka eta Maddi Ane Txoperena bertsolariek eman diete segida haien kantuei. Yolanda Arrieta idazleak eta Go!azen taldeko kideek ere hartu dute parte. Gehiago Gara egitasmoaren eskaera, berriz, hezkuntzako hainbat eragilek irakurri dute. Xehe-xehe eman dituzte Hego Euskal Herrian zaintza aringarri pediatrikoak behar dituzten haur eta nerabeen datuak: Espainiako Zaintza Aringarri Pediatrikoen Elkartearen arabera, mila haurretik seik behar dute, batez beste, zerbitzu hori; hala, Hego Euskal Herrian 3.200 haur inguruk behar lituzkete.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak iazko ekainean iragarri zuen zaintza aringarri pediatriko konplexuenak artatzeko egitura bat osatuko duela, eguneko 24 orduetan modu jarraituan ariko dena. Iragarpena errealitate bihur dadin, ordea, martxan jarri beharko lituzketen neurrien zerrenda osatu du Hil Argik: zaintza aringarri pediatrikoetan trebatutako lantaldeak eratzea; diziplinarteko lantaldeak sortzea; etxean eta ospitalean zerbitzua bermatzea; etxean dauden haurrek zaintza bermatua izatea egunero eta 24 orduz; lurralde guztietako haurrengana iristea; lantaldeek modu koordinatuan lan egitea, arreta integrala bermatzeko; heriotza osteko zaintza ematea; eta, azkenik, zaintza aringarrien inguruko formazioa eskaintzea.
Eskaera horien bitartez, zenbait betebehar erdietsita egongo liratekeela uste dute egitasmoko kideek, hala nola haurrak «babestuago» sentitzea, haien egonkortasuna bermatzea, eta familiek gastu txikiagoa izatea. Ekitaldian salatu dutenez, «handia da» haurren heriotzaren inguruan gizartean dagoen «isiltasuna eta ezjakintasuna», baina, apurka-apurka, gai horri buruz «naturaltasunez» jardun ahal izatea dute xede.