Aspaldikoa zen deialdia, eta, azkenean, irail hasieran abiatutako mobilizazio zikloari segida eman dio: LAB, CGT, FSU eta Solidaires sindikatuek deiturik, goizean mobilizatu dira mediko-sozial sektoreko eta funtzio publikoko langileak, lan baldintza duinagoak galdegiteko. 200 bat jende bildu dira.
«Borroka eguna» aurkeztu zuten egunean, eragileek erran zuten «argia» eman nahi ziotela «gehiegitan gorderik egoten den sektoreari»; politika «antisozialak» salatu zituzten. Kexa horien irudikatzeko, gaur, Pirinio Atlantikoetako departamenduak Baionan duen egoitzaren aitzinean, «zerbitzu publikoen heriotza» antzeztu dute, nolazpait: manifestari batzuk gorriz jantzirik ziren, eta gorpuak marraztu dituzte lurrean, gorriz horiek ere, odoletan balira bezala.
Hau salatu dute: «Egunero herritar guziak laguntzen, zaintzen eta babesten ditugunak gara, haurretatik adinekoetaraino. Hala ere, gure egiturak itoak dira, aurrekontuak apaltzen eta mozten ari dira, postuak jada ez dira ordezkatzen; oheak eta lanorduak murrizten dira, zuzendariek errentagarritasun helburuak ezartzen dituzte, beharrak handitzen diren bitartean».
Handik abiaturik, gero, Louis de Foix ikastetxera buruz abiatu dira, eta bertako irakasleen ordezkariek hitza hartu dute, baldintzen okertzearen eta postuen kentzearen salatzeko. Baionako ospitalearen bidea hartu dute ondotik, eta han bukatu dute mobilizazioa.
Deialdia bateratzailea izatea nahi zuten, eta sektore publiko zein pribatuko langileei zabaldua zieten mobilizatzeko gomita; bietatik etorri dira. Sektore pribatukoek zerbitzu publikoa eskaintzen duten heinean, denak bildu nahi izan dituzte grebara, diru publikoarekin funtzionatzen baitute, eta egoera berdinei aurre egiten baitiete.