Sektore mediko-sozialeko langileak urrian mobilizatuko dira, intersindikalak deiturik

LAB, CGT, FSU eta Solidaires sindikatuek greba deialdi bateratua egin dute Ipar Euskal Herrirako, urriaren 9rako. Frantzian ere mobilizazioak deituak dira, urriaren 7tik goiti.

Sindikatuetako ordezkariek goizean egin dute deialdiaren iragarpena, Euskal Hirigune Elkargoko egoitzaren aitzinean, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Sindikatuetako ordezkariek goizean egin dute deialdiaren iragarpena, Euskal Hirigune Elkargoko egoitzaren aitzinean, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko uztailaren 4a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Sektore mediko-soziala —pribatuan zein publikoan— nola dagoen ikusirik, intersindikalak «borroka egunera» deitu ditu langileak, urriaren 9rako, eta grebara ere egun hori baino bi egun lehenago, urriaren 7tik goiti. LAB, CGT, FSU eta Solidaires sindikatuek zabaldu dute greba deialdi bateratua goizean, Euskal Hirigune Elkargoko egoitzaren aitzinean, Baionan. Hain zuzen ere, bertan bukatu zuten maiatzaren 13ko manifestaldia. 

«Mobilizazio hori hasi zen apirilaren lehenean, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko egoitzaren aitzinean, medikuntza sozialak antolatutako mobilizaziotik», azaldu dute. «Eta maiatzaren 13an ikusi genuen inportantea zela publikoa eta pribatua elkarlanean jartzea. Borondate amankomuna dugu beste greba egun baten antolatzeko». Horretarako deialdia zabaldu dute, hain zuzen. Eragileek adierazi dute borroka egun horren bitartez «argia» eman nahi diotela «gehiegitan gorderik egoten den sektoreari».

Salatu dute politika «antisozialak» eramanak direla sektore horren kudeaketari dagokionez, eta adierazi hori ez dutela onartuko. 

Publiko eta pribatu, batera

Deialdiak bateratzailea izan nahi du, eta sektore publiko zein pribatuko langileei zabaldu diete mobilizatzeko gomita. Sektore pribatukoek zerbitzu publikoa eskaintzen duten heinean, denak bildu nahi izan dituzte grebara, diru publikoarekin funtzionatzen baitute, eta egoera berdinei aurre egiten dietelako: «Lan baldintzen txartzeari, gizonen eta emazteen arteko sari desorekatuak jasotzeari eta kudeaketa lanjerosen ondorioak jasateari», salatu dituzte sindikatuek.

Argiki erran dute: «Denak hunkiak gara, goiz edo berant, sektore mediko-sozialera jotzeko beharraz». Izan etxeko laguntzarako, zahar etxeetarako, haurren babeserako zerbitzurako edo elbarritasunetarako. Hortik dator ere publikoa eta pribatua batzeko asmoa. Adibide gisa, LAB sindikatuko Eñaut Aramendik Donibane Lohizuneko poliklinikaren kasua hartu du, klinika pribatua baina zerbitzua publikoa delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.