Zaintza sistema publikoa ardatz duen osasungintza bat eskatu dute

Osasungintza publikoaren eredua aldatzea galdegin du OPA koordinakundeak. Osasun publikoaren alde azaroaren 11n Bilbon, Donostian eta Gasteizen manifestatzera deitu ditu herritarrak.

OPA koordinakundearen agerraldia, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO /FOKU
Edurne Begiristain.
2023ko urriaren 27a
12:33
Entzun

Osasun publikoaren egoerarekin ezinegona agertu du maiz OPA koordinakundeak —osasungintza publikoaren aldeko herri plataformak biltzen ditu—, eta pribatizazio eta murrizketa asmoen aurka mobilizazio ugaritara deitu izan du. Pauso bat harago joatea erabaki du orain, eta osasun arloaren «eredua aldatzea» proposatu du: mugimendu feministaren aldarriei helduta, «zaintza sistema publikoa, duina eta kalitatezkoa» oinarri izango duen osasun publiko berri bat eskatu du plataformak.

Manifestu batean jaso ditu osasun-sistema eredu berri horretarako ardatzak, eta atxikitzeko deia egin die gizarte eragileei. Halaber, azaroaren 11rako deitutako manifestazioetan parte hartzera deitu ditu herritarrak; Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo dituzte manifestazioak, osasun publikoaren alde. Bilboko manifestazioa Bihotz Sakratutik abiatuko da, 12:00etan; Donostiakoa, Bulebarretik, 17:00etan; eta Gasteizkoa, Bilbo plazatik, 12:00etan.

Osasun publikoaren aldeko herri plataformek agerraldia egin dute Gasteizen manifestua eta manifestazio deialdiak aurkezteko. Iritzi diote behar-beharrezkoa dela egungo osasun sistema aldatzea, eta hiru zutaberen gainean eraikitzea. Lehena: «Beharrezkoa da osasuna politika guztietan txertatzea eta gure bizi baldintzak zehazten dituzten faktoreei heltzea». Bigarrena: «Guztiz publikoa den osasun sistema bat egituratu behar da, kalitatezko eta bidezko irisgarritasun unibertsala bermatuko duena». Eta hirugarrena: «Gaur egun ia existitzen ez den osasun kudeaketako gardentasuna bermatu behar da, edonork ulertzeko moduko datuak emanez».

Premiazkotzat jo dute lehen mailako arreta «birsortzea», osasun laguntzako sistemaren «giltzarri» bihur dadin. Horretarako, hainbat neurri proposatu dituzte: besteak beste, lehen arretako lan talde berak egitea paziente baten osasun arazoen jarraipena, aurrez aurreko arreta lehenestea, eta beharrezkoak diren baliabideez hornitzea. Gainera, pribatizazioaren aldeko pausoak «geldiarazteko» eskatu dute. Uste dute funtsezkoa dela bateraezintasun medikoa berreskuratzea, eta kritikatu dute mutualitateek bi osasun sistema desberdin sortzeko erabiltzen duten estrategia. Osasun publikoak herritarren hizkuntza eskubideak erabat bermatzeko ere eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.