Zaintza sistema publikoa eta komunitarioa izan dadila eskatuko dute Gasteizen

Arabako Zaintzaren Herri Akordioan jasota dauden eskaerak bete ditzatela exijituko diete Eusko Jaurlaritzari, Arabako Foru Aldundiari eta udalei. 12:30ean abiatuko da manifestazioa, Plaza Berritik.

Zaintza eskubidearen aldeko manifestazio bat. IÑIGO URIZ / FOKU
Zaintza eskubidearen aldeko manifestazio bat. IÑIGO URIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko abenduaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamar eskakizun lerro nagusi, helburu bakarra lortzeko asmoz: zaintza sistema publiko eta komunitarioa. Urteak dira zaintza ereduari buruzko eztabaida herri mugimenduetan barna dabilela, eta urteak dira instituzioei eskaera zehatzak egin eta gobernuetan isiltasuna nagusi dela. Bada, gaur berriz ere kalera aterako dira herritarrak, oraingoan Gasteizen: Arabako Zaintzaren Herri Akordioan jasota dauden eskaerak bete ditzatela exijituko diete Eusko Jaurlaritzari, Arabako Foru Aldundiari eta udalei. 12:30ean abiatuko da manifestazioa, Plaza Berritik.

Arabako mugimendu feministak ohar bidez gogora ekarri duenez, 2022ko udazkenean hasi zen bertzelako zaintza sistema baten beharra sortzen: Euskal Herriko hainbat hiriburutan asanblada feministak eratu ziren, eta erabaki zen Greba Feminista Orokorra beharrezkoa zela, baita zaintzari lotutako Herri Akordio zabal bat ere. 

Erran eta egin. 2023ko urriaren 7an aurkeztu zuten akordioa, Hernanin (Gipuzkoa). Testu horren bidez, zaintza «eskubide unibertsal» gisa aitortzeko eskatu, eta «egungo zaintza erregimen sostengaezinaren» interpretazio bateratu bat egin zuten. Epe motzeko eta luzera begirako eskaerak bildu zituzten bertan, eta azaroaren hondarrean grebara eraman zituzten. «Grebak bi xede zituen: luze gabe, egoera urgenteei eta kolapsatuei buelta ematea; eta luzera begira, bizitza erdigunean jarriko duen sistema sozial bat imajinatzea eta definitzea, hau da, sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala gaindituko dituen sistema bat», azaldu dute Arabako mugimendu feministako kideek.

Grebaren biharamunean Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu zioten zaintza sistema publiko eta komunitarioa eraikitzen hasteko mahai bat osatzeko. Erantzunaren zain daude oraindik. «Aintzat izan behar dugu, isiltasun instituzional horren bidez, baztertu egin zutela azken hogei urteetako joera zuzentzeko aukera. Euskal instituzioek sistematikoki pribatizatu dituzte ahal izan diren zaintza zerbitzu guztiak, sarri askotan lagun dituzten enpresen eskuetan jartzeko eta horietatik milioi askotako etekinak ateratzeko, zaintzaren kalitatearen eta langileen lan baldintzen kontura», gehitu dute. 

Erantzunik ezak ez ditu gelditu, ordea. Izan ere, Arabako zaintza arloko eskaeren taula osatu dute, urtebeteko prozesuaren ondoren. Honako hauek dira gaur kalera eramanen dituzten eskakizun lerro nagusiak:

1

Zaintza sistema feminista eta komunitarioa sortzea

Horretarako, bertzeak bertze, zaintzan gizonak inplikatu daitezela eskatu dute, enpleguaren arloan lanaldia murriztea —30 ordu astean, gehienez zazpi egunean—, eta zaintza baimenetarako binkulogramak erabili ahal izatea.

2

Jarduerak publikoak eta doakoak izatea

Eskolaz kanpo egiten diren jarduerak, udalekuak edo eskolako zaintza zerbitzuak publikoak, doakoak eta klase arrakalarik gabekoak izan daitezela.

3

Desgaitasunen bat dutenekin aritzen diren langileen baldintzak hobetzea

Desgaitasun edo elbarritasunen bat duten pertsonekin lan egiten dutenen baldintzak duinak izan daitezela, gainontzeko langileekin alderatuz soldata eta lanaldi bereizketarik gabe.

4

Adineko transak aitortzea

Adineko transen ibilbideak eta bizitzak aitortzea, «bereziki lan alorretik baztertuak izan diren emakume transenak».

5

Pentsioa igotzea

Gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzea.

6

Zaintza eredua aldatzea

Pertsonetan oinarritutako zaintza ezartzea: «Zainduak diren pertsonen beharrak eta ahotsak kontuan izango dituen zaintza eredu» bat eratzea, «prozesu parte hartzaileen bidez». 

7

Zaintza zerbitzuak publiko bihurtzea

Adineko pertsonendako edo desgaitasunen bat dutenendako zaintza zerbitzuak publiko egitea. «Ildo honetan, zera eskatzen dugu, bertzeak bertze: langileen ratioak hobetuko dituzten foru dekretuak sortzea; etxez etxeko laguntza zerbitzuan, beharrezkoa denean, bi langile egotea, eta gutxienez bi orduko arreta ematea; eta LGTBI+ ikuspegia txertatzea adineko eta mendekotasun edo desgaitasunen bat duten pertsonen zaintza politiketan».

8

Lan baldintzak duintzea

Zaintza arloan lan egiten dutenendako lan baldintza duinak ere exijitu dituzte, eta honako proposamen hauek egin: «Egoitza pribatuen eta etxebizitza komunitarioen sektoreko lan hitzarmena sinatzea; etxeko eta zaintza langile egoiliarren erregimena bertan behera uztea eta langile horiek lan erregimen orokorrean sartzea, beren eskubideak bete daitezen».

9

Atzerritarren Legea abolitzea eta migratzaileak erregularizatzea

Arlo horretan, honako neurri hauek eskatu dituzte, bertzeak bertze: «Pertsona guztiek izatea erroldatzeko eskubidea; udaletan harrera zerbitzuak bermatzea migratzen dutenentzako, bereziki etxebizitzaren arloan; eta pertsona trans migranteen nortasuna errekonozitzea alor administratiboan».

10

Landa eremuan oinarrizko zerbitzuak bermatzea

Exijitu dute zerbitzu ibiltariak egon daitezela hainbat alorretan —osasun, elikadura eta babesgabetasun zein desgaitasunen bat dutenen arloetan—; garraio publikoa hobetu, areagotu eta egokitu dezatela; prozedura administratiboak hurbildu ditzatela, eta Trebiñuko aferari erantzuna eman diezaiotela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.