Hamabost hilabete luze igaro dira Zaldibarren (Bizkaia) hondakindegia amildu zenetik; hondamendian desagertu ziren bi langileetatik, Alberto Sololuzeren gorpuzkiak joan den abuztuan aurkitu zituzten, eta Joaquin Beltranen hilotzak, berriz, amildutako zaborren azpian jarraitzen du, maiatzaren 14an Eusko Jaurlaritzak hura bilatzeko lanak bertan behera uztea erabaki eta gero. Zaldibar Argitu plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak manifestazioa egingo dute bihar Zallan (Bizkaia), eta deialdia baliatu dute berriro ere «erantzukizunak» eskatzeko: haien ustez, Jaurlaritza «ardura gainetik kendu» eta enpresaren bizkar jarri nahian dabil. Bideoa: Zallan Beltranen omenez egindako ekitaldia (Gorka Rubio FOKU)
[Youtube]https://youtu.be/lY4ztb1rSXA[/Youtube]
Zaldibar Argitu plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak «tamalgarri» deritzote erantzukizun guztia Verter Recycling enpresaren gainean uzteko ahaleginari. Azaldu dutenez, enpresak badu «ardura zuzena» gertatutakoan, baina Jaurlaritzari zegokion enpresaren jarduera kontrolatzea, eta ez zuen «ezer» egin, 2016tik zabortegia «arrisku larrian» zegoen arren.
«Zaldibarko zabortegian, urteetan, agerikoa izan da kontrol falta», adierazi dute bi elkarteen bozeramaileek, eta Jaurlaritzak horretan duen «ardura politikoa» nabarmendu dute. Batez ere, bi agintari egin dituzte «ardura politiko» horren erantzule: Iñaki Arriola, hondakindegia amildu zenean Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua zena, eta Iñigo Urkullu lehendakaria.
Hondakindegia amildu osteko egunetan «desagerturik» egotea leporatu diote Urkulluri, bai eta Joaquin Beltran bilatzeko lanak etetea erabaki ostean «aurpegia» eman ez izana ere.
Kritika patronalari
Arduradun politikoak ez ezik, patronala ere kritikatu dute Zaldibar Argituk eta Gutunak; esan dutenez, hondakinen kudeaketan enpresaburuak «langileen eta ingurumenaren kaltetan negozioa egin nahian» aritu dira. «Indarrean dagoen legeria ez betetzea» ere leporatu diete.
Erantzukizunak eskatzeko eta Beltranen senitartekoei elkartasuna adierazteko, manifestazioa egingo dute bihar Zallan, 18:00etan. Elkarteek ohartarazi dute hau ez dela auziaren bukaera, hondamendiari buruzko epaiketa oraindik egin gabe dagoelako: «Honek luze joko du, eta gu amaieraraino joango gara».