Laster zazpi urte beteko dira Verter Recycling enpresak Zaldibarren (Bizkaia) ireki zuen zabortegian luizi handi bat jazo zenetik. Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak hil ziren bertan, eta Euskal Herrian inoiz izan den ingurumen hondamendirik handienetako bat izan zen. Ia milioi bat metro kubo hondakin menditik behera erori ziren A-8 autobideraino. Ordutik hainbat epaiketa ireki ziren, eta oraindik epaitu gabe dagoena garrantzitsuenetako bat da: ingurumenaren kontrako ustezko delituena. Epaiketa horretan luiziaren beraren kausak ikertuko dituzte, eta orduan ebatziko dute nork egin zituen zer delitu.
Epaiketa hori egin ahal izateko, adituen txostenak ezinbestekoak dira. Oso hondamendi konplexua da, eta Durangoko epaitegiari egokitu zaio hori ikertzea. Baliabide faltagatik, besteak beste, luzatzen ari da instrukzio fasea, baina irailean txostenik garrantzitsuenetako bat jaso zuen Durangoko epaitegiak. Epaileak Cedexi —Obra Publikoen Ikerketa eta Esperimentazio Zentroa, Espainiako Garraio Ministerioarena— eskatu zion txostena, eta hamarkada batzuk atzera egin du ikerketa zentroak luiziaren atzean dagoena ikusteko; El Correo egunkariak txostena lortu du, eta xehetasunak argitaratu ditu.
Eusko Jaurlaritzak Verter Recycling-i emandako baimenetaraino egin du atzera Cedexek, eta hortik 2020raino izandako hainbat arau hauste eta zabarkeria azaldu ditu. Batzuk jada ezagunak ziren: esaterako, zabortegiaren eraikuntza proiektuan aldaketa handiak egin zituztela ingurumen baimenak jaso eta gero, edo zabortegian aurreikusitakoa baino hondakin gehiago jaso zituztela. Azken horri dagokionez, BERRIAk argitaratu zuen paper fabriketako lohi mordoa jaso zuela zabortegiak, eta Europako legedia urratu.
Proiektuaren aldaketa
Hasieran, Verter Recyclingek LKS aholkularitza eta ingeniaritza enpresa kontratatu zuen proiektua egiteko, eta diseinu horren arabera jaso zituen Verterren ingurumen inpaktuari buruzko aldeko txostena eta Ingurumen Baimen Bateratua. Baimen horiek zituela, LKS alde batera utzi zuen Verterrek, eta Geyser HPC enpresa kontratatu zuen. Proiektua aldatu zuen horrek, eta epaiketan ebatzi beharko dute zer-nolako garrantzia izan zuten aldaketa horiek gerora luizia gertatzeko. Izan ere, lehenengo diseinuaren arabera, euste dikeak 100 metroko altuera izan beharko luke, eta diseinu berriarekin hemezortzi metrora txikitu zuten.
Beste aldaketa handi bat ere egin zuten, eta Cedexek uste du aldaketa hori esanguratsua izan zela luizia gertatzeko: hasieran, hondakinak botatzeko zuloaren azpian bi aldeetatik zimurtsua den lamina bat jartzekoak ziren, horrek zaildu egiten baititu luiziak. Bada, azkenean, alde batetik leuna zen mintza jarri zuten, eta leku batzuetan, bi aldeetan leuna zen mintza.
Aldaketa horietaz gain, zabortegiaren ustiaketa fasean hainbat zabarkeria izan zirela ere uste du Cedexek, kontrol mekanismoen falta, esaterako. Bestalde, proiektuaren erredakzioan adierazi zuten gehienez 10.000 metro koadro egongo zirela estali gabe; izan ere, estali gabeko eremuetan euri ura sartzen da, eta garrantzitsua da aurreikusitako neurri horiek errespetatzea. Bada, une batean 60.000 metro koadro egon ziren estali gabe; aurreikusi baino sei bider gehiago.
Datu txarrei entzungor
Cedexen arabera, kontrol mekanismoak ez ziren nahikoa, baina txostenean nabarmendu du zeudenei ere ez zitzaiela kasurik egin. 2018an, adibidez, zabortegiaren egoera kontrolatzeko jarrita zeuden mugarriek mugitzeko joera aldatu zuten, eta, txostenaren arabera, ez zituzten kontuan hartu.
Azkenik, 2019an Lurtek enpresak egonkortasun ikerketa bat egin zuen, eta Cedex-en ustez datu faltsuak igorri zituen, Lurtek-en analisiak ondorioztatu baitzuen zabortegia egoera onean zegoela; txosten hori luizia gertatu baino hamasei egun lehenago entregatu zion Lurtekek Eusko Jaurlaritzari. Eredu informatikoekin egin zuten ikerketa hori, eta, Cedexen arabera, analisia eredu okerretan oinarritu zen, eta horregatik ezin izan zuten egin diagnostiko errealista bat. Cedexek ongi oinarritutako kalkuluak egin zituen, eta, horien arabera, zabortegia kolapsatzear zegoen.