Zaldibarko luizia

Zaldibarko zabortegian premiazko segurtasun neurriak hartzeko exijitu diote Jaurlaritzari

Zaldibar Argituk, Ekologistak Martxan-ek eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak elkarretaratzeak egingo dituzte hilaren 29an eta 30ean.

Zaldibar Argituk, Ekologistak Martxan-ek eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak egindako agerraldia, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko ekainaren 26a
12:58
Entzun

Eusko Jaurlaritzak Geologia y Geoteknia Larrea SM enpresari eskatutako txostenak agerian utzi du Zaldibarko zabortegiaren orubea ez dela batere egonkorra. Jaurlaritzak txostena fiskaltzari helarazi dion arren, Zaldibar Argitu plataformak, Ekologistak Martxan taldeak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak uste dute ez dela nahikoa. «Ikerketek adierazi dute berehala hartu behar direla zenbait neurri, ingurumenaren eta pertsonen segurtasuna bermatzeko», nabarmendu du Eneko Iraeta Zaldibar Argituko kideak gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean egindako agerraldian, Bilbon. Hori dela eta, kolektiboek eskaera bat erregistratu dute Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailean.

Segurtasun faktorea txikitu dela ondorioztatu du txostenak: Zaldibarko zabortegia erori zenean, 1,6 puntukoa zen faktorea; orain, berriz, 1,15ekoa. Parametroa 1 baino txikiagoa izateak esan nahi du irristatze indarra handiagoa dela egiturari zutik eusten dioten indarrak baino. Egonkortasunari begiratuz gero, beraz, arriskua «handia» dela salatu du Iraetak. «Arrakalak daude». Arrisku hori, gainera, harago doa: «Gas isurketei, usainei eta suteei dagokienez ere arrisku handia dago». Era berean, salatu du egoera ez dela 2020ko otsailaren 6koa baino hobea. «Oso kezkatuta gaude». Ibaetak gogoratu du txostenak adierazi duela premiazkoa dela behin-behineko estaldura artifiziala jartzea eta zabortegia behin betiko zigilatzea.

Zabortegia erortzeko arriskuan; Jaurlaritza, bete zure ardura lelopean egin dute elkarretaratzea. Eta, orduan, Jaurlaritzaren ordezkaritzak ateak itxi ditu. Haren jarrera salatu du Javier Vazquez Ekologistak Martxan-eko bozeramaileak: «Gogoratu nahi diogu arriskua ez garela gu; arriskua Zaldibarren dago». Eta gaia saihesteari utz diezaiola exijitu dio. «Erakundeen betebeharra da lurraldea, ingurumena eta herritarren osasuna zaintzea; premiaz jardun behar dute, zabortegia berriro eror ez dadin».

Egoera salatzeko, hiru kolektiboek bi deialdi egin dituzte. Ostegunean, ekainak 29, elkarretaratzea egingo dute, 12:00etan, Eusko Legebiltzarraren aurrean. Eta hurrengo egunean, berriz, Zaldibarko Udaletxe plazan manifestazioa egingo dute, 19:00etan. Carlos Alonso herri akusazioko abokatuak –hiru kolektiboek abiatu dute– salatu duenez, erantzulea Verter Recycling 2002 SM den arren, erantzukizuna «subsidiarioki» Jaurlaritzarena ere badela. «Arriskua eragozteko, berehalako esku hartze bat behar da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.