Tortura salaketak

Zaldibarren euroaginduaz asteartean jakinen da, eta Uriarte ez da azaldu

Iraitz Gesalagaren Espainiaratzea onartzen duten ere esango dute asteartean; atzo ikertu zituzten euroaginduak

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Asteartean jakinaraziko du Paueko Auzitegiak Aiala Zaldibar Espainiaratzea onartzen duen. Zaldibarrekin batera deitua zen Igor Uriarte ez zen auzitegira agertu. Hori ikusirik «ihesean» zegoela ebatzi zuen prokuradoreak.

Kontrol judiziala errespetatzeari uko egin dio, abokatuak France Bleu irratiari zehaztu dionez. Hori dela eta, ez dute haren aurkako euroagindua aztertu.

Erabakia jakin bitartean kontrol judizialpean aske geratu da Zaldibar, hots, urtarrilaren 18an atxilotu zutenean prokuradoreak finkatu egoeran jarraitzen du. Kontrol neurri gogorrak errespetatu beharrak ditu: familia ezin du ikusi, Hego Euskal Herriko jendearekin harremanetan egotea debekatua dauka, egunero izenpetu beharra du Baionako polizia etxean eta Lapurdiko hiriburutik ezin da atera. Neurri horiek «surrealistatzat» jo zituen Askatasunak, «inoiz ez zelako horrelakorik ikusi». Uriarteri ere jarri zizkioten ber baldintzak.

Atzo goizean deituak ziren Paueko Auzitegira. Bertan egon zen Zaldibar, sostenguz hurbildu senideak eta lagunak ondoan zituela. Segi gazte mugimenduko kide izatea leporatzen diote. Askatasunak zehaztu duenez ekintza zehatzik ez da zehazturik euroaginduan. Zaldibar eta Uriarte urtarrilaren 18 goizean atxilotu zituzten Baionan. Paueko Auzitegiak baldintzapean aske utzi zituen arratsaldean, fiskalaren aurretik igaro ondoren.

Gesalagak ere asteartean

Urtarrilaren 11an Ziburun atxilotu zuten Iraitz Gesalaga zarauztarrak ere asteartean jakinen du Espainiaratzen duten. Haren aurkako euroagindua aztertu zuten atzo baita. Zarauztarrari leporatua zaionari buruzko zehaztasunik ez dela azpimarratu du Askatasunak. 2008an ETAren aurkako polizia operazio batean aurkitu dokumentuetan oinarritua da Espainiaratze eskaera, zuzen zertan oinarritzen diren ez delarik zehaztua, Askatasunak jakinarazi duenez.

Erabakia jakin bitartean Seysseko presondegian segitzen du.

Euroaginduen baliapenarekin Frantziako eta Espainiako Estatuek «euskal herritarren kontra daramaten trafikoa» salatu du Askatasunak. Prozedura hauek Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen «aurkako zentzura» doazela gehituz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.