Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak adierazi du ezker abertzaleak azkenaldian emandako pausoek ez dutela "balio", "baina aitortu behar da entzuten ez ziren gauzak esaten dituela orain eta horrek ondorioak izan ditzake". Ez du zehaztu zer den "ondorioak" izatea. Ezker abertzaleak, Gernikako Akordioaren bidez, ETAri su-eten iraunkorra, aldebakarrekoa eta egiaztagarria emateko eskatu berri dio. Zapaterok duela bi aste zioen ezker abertzalearen urratsak ez direla alferrikakoak izango.
Presidentearen arabera, eragile politiko horrek berriro legezko izan nahi badu, Espainiako "legea bete" beharko du, eta horretarako bi bide dauzka: "ETArekin moztu edo erakunde terrorista desagertzea lortu". Zuhurtzia eskatu du Zapaterok, bide batez. "Gobernuak eta demokratok ez dugu presarik Batasuna legeztatzeko. Izatekotan, honek du presa".
Espainiako Senatuan mintzatu da, gaur arratsaldean, Mar Caballero UPNko senatariaren galderari erantzunez.
Caballerok Zapaterori eskatu dio "lehengo akatsak" ez egiteko atzera, eta ohartarazi du gobernuburuak ezker abertzaleaz esandakoek eta EAJrekin lortutako akordioek "kezka" sortzen dutela.
poliTIKA
Zapaterok dio ezker abertzalearen pausoak "ondorioak" izan ditzakeela
Espainiako presidentearen ustez, eragile politiko horrek legezko izan nahi badu, "legea bete" beharko du, eta horretarako bi bide dauzka: "ETArekin moztu edo erakunde terrorista desagertzea lortu". "Gobernuak eta demokratok ez dugu presarik Batasuna legeztatzeko. Izatekotan, honek du".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu