ETAren jardun armatuaren amaiera. Bilerak

Zapaterok Urkulluri esan dio bere gobernuak ez duela urratsik egingo

Espainiako gobernuburua EAJko buruarekin bildu da ETAk armak utzi ondorengo egoera aztertzeko; Jauregik eman du erantzunaPresoak hurbiltzeko eta 'Parot doktrina' ezabatzeko eskatu dio Urkulluk Zapaterori

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2011ko urriaren 27a
00:00
Entzun
«Salbuespen neurriak» ez ditu oraingoz aldatuko Espainiako Gobernuak. Ramon Jauregi Presidentetzarako ministroak adierazi du hauteskundeen aurretik behintzat ez duela moldaketarik egingo. Espetxe politika ez duela malgutuko. Egoera berria kudeatzea azaroaren 20ko hauteskundeen ondoren sortuko den gobernu berriari dagokiola adierazi du, eta «errespetu instituzionalagatik» utziko duela denbora pasatzen, urratsik egin gabe. Espainiako Gobernuaren izenean esan ditu horiek Jauregik, Madrilen, Moncloa jauregian, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentearekin izandako bileraren nondik norakoen berri emateko egindako agerraldian.

Jauregiren aurretik, Urkullu agertu da hedabideen aurrean, Zapaterorekin ordu eta erdi inguruko bilera egin ondoren. Espainiako gobernuburuari egindako eskaeren berri eman du EAJko buruak. ETAk borroka armatua utzi duela iragarri duenez, Zapaterori esan dio Espainiako Gobernuak bertan behera utzi behar lituzkeela azken urteetan ETAren aurka egiteko ezarri dituen «salbuespeneko neurriak». Bake eta normalizaziorako bideak aurrera egin dezan guztiek egin beharko dituztela urratsak, ezker abertzaleak eta euskal instituzioek biktimei errekonozimendua egin beharko dietela, baina Espainiako Gobernuak ere baduela zer egin.

Alderdien Legea

Bi alorretan moldaketak egiteko proposatu dio. Batetik, egoera berrian, «gizarteko sentsibilitate guztiek» leku izan beharko dutela azaldu dio Zapaterori. Hortaz, normalizazioa gauzatu dadin, Alderdien Legea bertan behera uzteko eskatu dio. Izan ere, haren ustez, ezker abertzaleak legezko izan behar du orain, hauteskundeetara «bere sigla propioekin» aurkezteko aukera izanda.

Espetxe politika aldatzeko proposatu dio, bestetik. Espetxe politika «malgu, dinamiko eta adostua» eskatu dio Espainiako gobernuburuari. Parot doktrina gisa ezagutzen den neurria bertan behera uztea galdegin dio. Ez diezaietela presoei espetxe zigorra bat-batean urte luzetan handitu, horretarako espresuki sortutako lege berria ezarrita.

Euskal presoen sakabanaketa eta urruntzea amaitzeko ere eskatu dio. ETAren erabakiaren ondoren, Urkulluren ustez, «ez dago arrazoirik salbuespeneko neurriak mantentzeko», eta, beraz, gerturatu egin behar dira presoak. «Sakabanaketak eta urruntzeak» eragiten dituen «zigor erantsiak» saihesteko lan egin behar dela ohartarazi dio buruzagi jeltzaleak gobernuburuari.

Gaixo dauden presoak

Urkulluk Moncloan adierazi du badakiela bere proposamenak ezin direla «lasterka» ezarri. Badakiela espetxe politika eta sakabanaketa ezin direla egun batetik bestera aldatu. Baina adierazi du kasu batzuetan ezin dela gehiago itxaron. Gaixo dauden presoen egoera behintzat berehala aldatzea galdegin du, hauteskundeen aurretik.

Hala ere, presoen aurkako neurriak «presoek emandako pausoen arabera» malgutu behar liratekeela esan du Urkulluk. Presoengandik «damutzeak eta barkamen eskeak» espero dituela adierazi du, eta preso bakoitzak espresuki eskatu beharko lukeela gradu aldaketa.

Urkulluren eskaerei ezetz erantzun die Espainiako Gobernuak, baina ez du Zapaterok jakinarazi bilerak eman duena. Ramon Jauregik eman du ezezkoa jendaurrean: «Ez da inolako aldaketarik egongo, une honetan ez baitagokio gobernu honi ekimenak abiatzea».

Jauregiren hitzetan, hauteskundeetarako hogei egun besterik geratzen ez direnean, geldirik egongo da Espainiako Gobernua, «instituzioekiko errespetuagatik». Izan ere, haren esanetan, bozetatik sortuko diren instituzio berriek kudeatu beharko dute «datorren garai politikoa».

Ezer egin aurretik «denbora pixka bat gehiago» behar dela adierazi du. «Utz dezagun gauzek aurrera egin dezaten berez, eta Espainiako gizartea bake eta askatasunean bil dadin». Aurrera begirako neurriak gobernu eta parlamentu berriek soilik hartu ahal dituztela gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.