Zarauzko Talai Mendi kanpinean agerraldirik ez dela egon ondorioztatu dute

Kanpinean atzo eginiko PCR probetan bi positibo atzeman dituzte, eta osasun agintariek adierazi dute ez dela agerraldi bat izan. Kanpinera sartzeko aukera dagoela jakinarazi du alkateak.

Osakidetzako langileak PCR probak egiten, gaur, Zarauzko kanpinean. LAB SINDIKATUA
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko uztailaren 15a
18:13
Entzun

Zarauzko (Gipuzkoa) Talai Mendi kanpinean koronabirusaren agerraldirik ez dela egon ondorioztatu dute osasun agintariek, langileei eta bezeroei eginiko PCR probetan bi positibo soilik atzeman ostean. EFE agentziak jakinarazi duenez, Xabier Txurruka Zarauzko alkateak adierazi du dagoeneko aukera dagoela kanpinera sartzeko eta barruan egoteko. Erantsi duenez, proban negatibo eman duten bezero ugarik ere kanpinean jarraitzeko hautua egin dute.

Hain zuzen, atzo arratsaldean hasi ziren kanpin horretan PCR probak egiten, joan den astean egondako bi bezerok positibo eman baitute. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak goizean argitaratu ditu lehen emaitzak, eta positibo baten berri eman du. Hala, hiru izan dira kanpinarekin zerikusia duten kasu positiboak. Hala ere, Zarauzko Hitza-k jakinarazi duenez, lau lagunek eman dute positibo Zarautzen, baina horiek kanpinarekin zerikusia duten ezin izan du baieztatu egunkari honek.

Haimar Arozena da kanpineko arduradunetako bat, eta, atzo jakinarazi zuenez, Osakidetzako lantalde bat jada kanpinean bertan zegoen, eta protokoloek jasotzen dituzten pausoak ematen ari dira. Langileei PCR probak egin zizkieten; etxean egon ziren, erantzunak jaso bitarte etxean sartuta egon behar baitzuten. Are gehiago, erantsi zuen bezero batzuei ere egin dizkietela probak, baina ez zekitela ziur guztiek egin beharko dituzten.

Emaitzak jakinarazi arte, prebentzio gisa, kanpinetik ez ateratzeko eskatu zieten han zeuden bezeroei. Ez da egon itxita, eta hala nahi zuten bezeroek etxera joateko aukera ere izan dute, baina eskatu zitzaien etxera itzuliz gero berrogeialdian egoteko, gutxienez egoera egonkortu arte eta informazio gehiago izan arte. Sartzeko ere, baimena behar zen, eta Ertzaintza aritu zen sarrera-irteerak kontrolatzen.

Ikasturte amaierako ospakizunak

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak beste ohar bat ere egin dute: etxean geratzeko eskatu diete Zarautzen (Gipuzkoa) uztailaren 8aren eta 12aren bitartean ikasturte amaierako ospakizunetan egon zirenei, eta, horrekin batera, eskatu diete ez kontakturik izateko arrisku taldeetako pertsonekin, eta euren osasun etxera deitzeko PCR proba egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.