Zarauzko zenbait eragile Los 40 Summer Live jaialdiaren kontra agertu dira

Salatu dute «Zarautz erakusleihoan jartzea» dela ekitaldiaren helburua, «betikoak aberastu daitezen turismoaren kontura».

Los 40 Summer Live jaialdiaren aurkezpena, Zarautzen. ZARAUZKO UDALA
Los 40 Summer Live jaialdiaren aurkezpena, Zarautzen. ZARAUZKO UDALA
2025eko uztailaren 29a
14:52
Entzun 00:00:0000:00:00

Los 40 Summer Live jaialdia egingo dute ostegunean Zarautzen (Gipuzkoa), eta urte osoan hainbat festa eta ekintza kultural antolatzen aritzen diren herriko zenbait eragilek eta norbanakok haren kontrako jarrera azaldu dute. Salatu dute «Zarautz erakusleihoan jartzea» dela jaialdiaren helburua, «betikoak aberastu daitezen turismoaren kontura», eta bihar jaialdiaren aurkako argazki herrikoi bat ateratzera deitu dituzte herritarrak. 18:00etan egingo dute, Daman, Zarauzko malekoian.

Protestara deitu dutenek adierazi dute udalak «sekulako diru partidak» jartzen dituela jaialdi horretarako, baina «herriko festetarako eta bestelako ekintza kultural herrikoietarako» ez.

Ez hori bakarrik: salatu dute egitasmo horri «erraztasun guztiak» ematen dizkiotela bai azpiegiturei, bai dezibeliei eta bai lekuari dagokienez, eta herriko eragileei, aldiz, «espazio publikoa erabiltzeko eta ekimenak antolatzeko oztopoak besterik ez» dizkietela jartzen.

Udako egitarauaren parte

Joan den astean, egitasmoaren aurkezpenean, Xabier Txurruka Zarauzko alkateak adierazi zuen jaialdia udako egitarauaren parte izango dela «beste urte batez», eta musikazaleak bertaratzera gonbidatu zituen. Los 40 irrati katearen jaialdiak zenbait urte daramatza udan Zarautzen jai hori egiten.

Zarauzko malekoiko oholtzan izango dira, besteak beste, Alvaro de Luna, Enol eta Paul Thin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.